Gizartea -

Genero indarkeria

Berrizko PSEko zinegotzia atxilotu dute, bere bikotekideari eraso egitea egotzita

Udal ordezkariak kargua uztea erabaki du, alderdiak eskatzen zion bezala —ez da alderdiko kidea—. EAJk eta EH Bilduk "erabat gaitzetsi" dute indarkeria sexista.

Agentziak | Erreakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Berrizko Udaleko (Bizkaia) zinegotzi sozialista bakarra atxilotu dute, genero indarkeria delitu bat egotzita, bere bikotekideari ustez eraso egiteagatik. Atxiloketa astelehen gauean egin zuten, biktimaren salaketaren ostean, Barne Sailak Europa Press agentziari esan dionez.

Udal taldea uzteko eta akta itzultzeko eskatu dio PSE-EEk zinegotziari. Atxilotuak epailearen aurrean bere errugabetasuna defendatu duela esan dio alderdiari, eta ez dutela bere kontrako kautelazko neurririk hartu.

Edozein kasutan, PSE-EEren ustetan, zinegotziaren uko egitea da "egokiena", eta azkenean kargua uztea erabaki du. Zinegotzia ez da alderdiko kidea.

EAJ eta EH Bilduren udal taldeek, bestalde, indarkeria sexista "erabat gaitzetsi" dute, eta biktimari babesa adierazi diote.

Gainera, jarrera matxistak gaitzetsi dituzte, eta edozein genero indarkeria kasuren aurrean "zero tolerantzia" izango dutela esan dute, keinu edo jarrera sexistetatik "muturreko" erasoetara. "Are gehiago erasotzailea udal ordezkari bat izan bada", gehitu dute.

Gainera, "ikerketa azkarra eta sakona" eskatu dute, eta herritarrei indarkeria hauen kontrako gaitzespena erakusteko eskatu diete.

_____________________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Gizartea PSE-EE Berriz Durangaldea albisteak