Gizartea -

Jaurlaritzaren plan berria

Seme-alabaren bat duten kideek umeak zaintzeko lau hileko baimena izango dute 2019an

Guraso-baimenak parekatzeko asmoarekin, Jaurlaritzak 12 asteko ordaindutako eszedentzia hartzeko aukera emango die bikotekideei. Guraso berriek 2022ra arte itxaron beharko dute.

Aita-semeak eskola baten atarian. ETBko bideo batetik hartutako irudia
Aita-semeak. Argazkia: ETB
16 asteko aitatasun baimena datorren urtean jarriko da abian

1:25

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bikotea osatzen duten bi kideen guraso-baimena parekatzeko dekretua onartzear du Eusko Jaurlaritzak. Asteartean aurkeztu zuten "Familiak laguntzeko IV. Plana"ren zirriborroa Familiaren Euskal Kontseiluan, eta horren oniritzia jasota, uda aurretik onartuko du Gobernu bilerak, Vocento taldeko egunkariek gaur aurreratu eta Euskadi Irratiak baieztatu duenez.

Iturrion arabera, bi kideen baimenak berdintzeko bidean, modu mailakatuaren alde egin du Jaurlaritzak. Hau da, lehen fase batean ez diete aita —erditu ez diren bikotekide guztiei aplikatuko zaie, izan emakume edo gizon— guztiei eskainiko. Hala, 2019tik hasita, dagoeneko guraso diren kideek 12 asteko (lau hilabeteko) ordaindutako eszedentzia izango dute haurrak zaintzeko. Gasteizko Gobernuak "bigarren seme-alabatik aurrera datozen haurren jaiotza lagundu eta sustatu" nahi izan du modu horretan. Guraso berriek 2022ra arte itxaron beharko dutela aurreikusi du Jaurlaritzak.

Hori horrela, guztira 16 aste izango dute bikotekideek umeak zaintzeko, amek beste. Euskal Autonomia Erkidegoa (EAE) izango da Estatuan guraso-baimenak parekatzen dituen lehena.

Aurreneko lau asteak Gizarte Segurantzak ordaintzen ditu. Eusko Jaurlaritzak erantsiko dituen beste 12 aste horiek baldintza batzuk bete beharko dituzte:

Hasteko, guraso-baimenak haurrak lehen urtea bete baino lehen hartu beharko dira. Baimenak ezingo dira aldi berean hartu, helburua baita jaioberriak zortzi hilabeteak beste arte gurasoen zaintzapean egotea.

Bigarren, enpresa pribatuan lan egiten duten bikotekideek eszedentzia moduan hartu beharko dute baimena. Hots, 12 aste horietan soldata kobratuko dute (Jaurlaritzak ordaindua), baina ez dute Gizarte Segurantzan kotizatuko. EAEko funtzionarioena, ordea, guraso-baimena izango da. Enpresa pribatuko langileena ez bezala, Euskal Administrazio Publikoan lan egiten dutenen artean automatikoki aplikatuko da.

Eusko Jaurlaritzak eskuartean duen "Familiak laguntzeko IV. Plan" horrek 50 neurri aurreikusi ditu, eta lau urteko iraupen izango du. Lehen kalkuluen arabera, 55 milioi euroko inbertsioa eskatuko du baimen berri horrek urtero.

Artolazabal: "EAEko familiei bigarren ume bat izaten lagundu nahi diegu"

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak azaldu duenez, "laguntzokin bermatu nahi duguna da bigarren seme-alaba izan nahi duten gurasoek kotizazioaren % 100 finantzatua izatea". Izan ere, gogorarazi duenez, Jaurlaritzak ez du eskuduntzarik Gizarte Segurantzan.

BEATRIZ ARTOLAZABAL PERMISO NACIMIENTO GURASO BAIMENA

BEATRIZ ARTOLAZABAL PERMISO NACIMIENTO GURASO BAIMENA

Artolazabal, kazetarien galderei erantzuten. Argazkia: ETB

"Gerora, apurka-apurka lehen seme-alaba duten gurasoei ere aplikatuko diegu, espero dezagun 2022rako hori posible izatea", adierazi du.

Sailburuaren hitzetan, familien artean ikerketa egin zuten, eta umeak edukitzeko orduan, bigarren seme-alabatik aurrera topatu zituzten errezelo gehien. Hori horrela, egoera horretan dauden gurasok lehenetsi nahi izan dituzte planaren lehen fasean.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza berriak Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Gizartea Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Nerabezaroa albisteak Gurasoak albisteak