Gizartea -

SORTZEN JAIA 2018

Sortzen Jaia ospatu dute, euskara Nafarroa osoan ofizial izateko eskatuz

"EgunOn" lelopean antolatu du jaia Euskal Eskola Publiko Berriaren Aldeko Elkarteak. Nafarroako Gobernuaren apustua "euskal eskola publikoak Nafarroan ere bere tokia" izatea dela dio Maria Solanak.

Eguraldi ona izaten ari dira Sortzen Jaian. Argazkia: Sortzen
Eguraldi ona izaten ari dira Sortzen Jaian. Argazkia: Sortzen
Euskal eskola publikoen aldeko festa ospatu dute Iruñean

1:27

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iruñean, Sortzen Euskal Eskola Publiko Berriaren Aldeko Elkarteak 10:00etan ekin dio Sortzen Jaiari, "EgunOn" lelopean. Eguraldia lagun, milaka pertsona hurbildu dira festara. Horretarako, programazio oparoa prestatu dute Antoniutti parkean, egun osorako: bertsoak, dantzak, zirkua, musika emanaldiak, eskulan azoka, jaki dastaketak, haurrentzako puzgarri eta jokoak etab.

10:00etan zanpantzarren atzetik abiatu den kalejira batekin hasi da festa Iruñeko Udaletxe Plazan, "Euskara ofiziala Nafarroa osoan" lelopean. Antoniutti parkeraino joan dira kalejiran. Hala, Iruñeko erdialdean ospatuko da festa bigarren urtez jarraian, aurreko lau urteetan hiriburutik kanpo ospatu behar izan eta gero.

Uxue Barkos Nafarroako presidentea, Maria Solana Nafarroako Gobernuko bozeramailea, Bakartxo Ruiz EH Bilduko parlamentarioa eta Aritz Romeo EH Bilduko Iruñeko udaletxeko zinegotzia izan dira, besteak beste, festa irekieran. Maria Solanak gogor kritikatu du ekainaren 2an "euskararen inposaketaren kontra" deitu duten manifestazioa. Ekimen horrek eta deitzaileek erabiltzen dituzten argudioek ez dutela "Nafarroako errealitatea islatzen" esan du Solanak: "Eman diezadatela adibide bakar bat euskara ez jakiteagatik norbait diskriminatu dena".

Gaurko festari lotuta, Nafarroako Gobenuaren apustua "euskal eskola publikoak Nafarroan ere bere tokia izatea" dela gaineratu du.

Udalak bizikletak aparkatzeko gunea prestatu du Antoniutti parkean, hiriburuan izaten diren ekitaldi jendetsuetan garraio jasangarria bultzatzeko politikaren baitan.

Aldarrikapenak

Fordu erkidegoan euskararen ofizialtasuna eta hizkuntza eskubideei zor zaien bermea babestea eskatu dute, Nafarroa osoan D ereduan ikasteko aukera, alegia, hezkuntza publikoa, auzokoa eta kalitatezkoa izanik. Halaber, ofizialtasunak ez dituela asetzen nabarmendu dute, eta "Vascuencearen Legearen 30 urte hauetan, pitzadura soziala besterik ez dela lortu. Orain pilota Parlamentuko teilatuan dago", adierazi dute elkarteko arduradunek.

Deitzaileen hitzak

"Egun on bat opatzeaz gain aldarrikapen moduan ere erabili nahi izan dugun adiera da EgunOn!" esan zuten Sortzeneko kideek festaren aurkezpen prentsaurrekoan. "EgunOn!, eguna euskaraz hasteak duen garrantziaren irudikapen gisa, edo eta eguna euskaraz hasi nahi duen orok hasteko aukera duela adierazteko modu gisa. Dakienak erabiltzeak duen garrantziaren adiera gisa. EgunOn!, egunak euskaraz ere bizi nahi ditugula adierazteko modu gisa. Euskarakilok, ikasle euskaldun eleaniztunen eskolarekin amets egiten duen barraskiloa, bat egin du Ikaskilorekin, Auzo Bizi Onaren eskolarekin amets egiten duen barraskiloarekin, pasa den urteko Jaiko protagonista, alegia".

"Hizkuntza eskubideak errespetatuak izan daitezen urrats berriak ematen jarraitzen dugun honetan, bai euskararen lurralde osoa barnebilduko duen ofizialtasuna aldarrikatuz, bai D eredua diskriminazio guztien gainetik zabalduz, eta abar. Eta, noizbait, trabarik gabeko euskaraz bizitzeko eskubidea nahi badugu, etorkizunari begiratuz, eta erronka berriak begiztatuz: gaur egungo Hezkuntza Ereduen letra zopa gaindituz, denona den euskara herritar guztiok ezagutzeko eskubidea bermatuko lukeen hizkuntza ereduaren zabalpena esaterako, ikasle euskaldun eleaniztunak sortuko duen hezkuntza eredua, alegia. EgunOn! aldarrikatzailea da gurea beraz" adierazi zuten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskaraz Iruñea Nafarroa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Jaiak