Gizartea -

Esperimentu birala

Soineko adimenduna, sexu-gehiegikeriak antzemateko

Konpainia batek froga egin du hiru emakumeri soinekoa ipinita, Brasilen, eta ordubetean 40 aldiz baino gehiago egin zizkieten ukituak, haien baimenik gabe.

Sao Paolon, emakume bat bortxatzen dute hamaika orduan behin leku publiko batean. Argazkia: Ogilvy
Sao Paolon, emakume bat bortxatzen dute hamaika orduan behin leku publiko batean. Argazkia: Ogilvy

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Soineko adimendu bati esker agerian utzi dute emakume batek zenbatetan jasaten dituen ukituak eta abusuak Brasilen diskoteka batean ondo pasatzen saiatzen ari denean. Datuak asaldagarriak dira enpresa batek egindako froga baten ostean: ordubetean 40 aldiz baino gehiago egin dizkiete ukituak, haien baimenik gabe.

Ogilvy publizitate agentziak egindako esperimentu biral batean ikusi ahal izan da. Ekintza Schwceppesek Brasilen egin duen azken iragarkia dela eta egin dute eta 'Errespeturako soineko bat' du izena. Kanpaina bolo-bolo dabil, eta horren bidez, emakumeek diskoteketan pairatzen duten jazarpena azaleratu eta mahaigaineratu nahi izan dute.

Spotaren hasieran soinekoa nola egin zuten azaltzen dute, emakume batek gau batean zenbait ukitu eta abusuren biktima izan zezakeen zenbatzeko. Sentsoreek WiFi bidez bidaltzen zuten informazioa ordenagailu batera, eta horretan jazarpena bertatik bertara jarraitu ahal izan zuten.

Hiru emakumek jantzi zuten sentsoredun soinekoa, eta diskoteka batean sartu ziren. Emaitzak ondorengoak izan ziren: hiru ordu eta 47 minuturen ostean, sentsoreek 157 ukitu erregistratu zituzten, hau da, emakume bakoitza 40 alditan baino gehiagotan ukitu zuten orduro.

Nagib Nassif teknologiaren garapenean adituak diseinatu zuen sentsoredun soinekoa. Ondoren, esperimentuan parte hartu zuten hiru emakumeek soineko berezi hori jantzi zuten.

Erregistratutako emaitzetatik abiatuta, bero mapa bat sortu zuten eta, horren arabera, baieztatu dute gehienetan aldakan eta sorbaldetan ukitzen dituztela emakumeak.

Esperimentu horren bidez, Brasilgo abusuen arazoa agerian utzi nahi izan dute. Gainera, gero eta gehiago hazten ari den arazo horren inguruan gizartean gogoeta eragitea izan da haien helburua, baita dibertitzea sustatu ere, baina errespetua alde batera utzi gabe. Aurtengo Inauterietan, emakumeek mobilizazioak egin zituzten 'Ez ezetz da' lelopean, euren gorputzarekiko errespetua aldarrikatzeko.

Brasilen, emakumeei egindako jazarpena arazo larria da. Sao Paun, Hegoamerikako hiririk handienean, hamaika orduro bortxatzen dute emakume bat leku publiko batean. 457 emakume bortxatu zituzten iazko urtarrila eta uztaila bitartean.

Brasilgo legediaren arabera, biktimaren sexu-askatasunaren aurka mehatxua edo indarkeria erabilita egiten duen edonolako portaera da bortxaketa, hori dela eta, ez da beharrezkoa sexu-harremana burutzea delitu hori ezartzeko.

_________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Indarkeria matxista Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Brasil Matxismoa