Gizartea -

Eguraldia

Abisu horia ezarri dute Araban eta ia Nafarroa osoan, ekaitzengatik

Foru Erkidegoan, erdialdean, Erriberan eta Pirinioetan egongo da indarrean abisua. Araban, hegoaldean espero dira zaparrada mardulenak.

Ezkaba mendia (Iruñea), ekaitz betean. EFE
Ekaitza Iruñerrian, Ezkaba mendian. EFE
Ezkaba mendia (Iruñea), ekaitz betean. EFE

Agentzia | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Estatuko Meteorologia Agentziak (Aemet) abisu horia ezarri du Nafarroako hainbat gunetan ekaitz arriskua dela eta. Zehazki, Foru Erkidegoko erdialdean, Ebroko Erriberan eta Pirinioetan egongo da indarrean abisua. Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak ere abisu horia ezarri du prezipitazio handiagatik Araban.

Arabako zenbait lekutan ordubetean 15 l/m² baino gehiago pila daiteke, bereziki hegoaldean. Zaparrada txiki-ertainak eta trumoitsuak botako ditu, baliteke zenbait tokitan handiak izatea.

Zaparrada trumoitsu eta mardulak eta haize-bolada gogorrak espero direnean ezarri ohi da abisu maila hori Foru Erkidegoan. Txingorra ere egin dezake (bi zentimetro baino gutxiagokoa).

Aemeten arabera, goizean hasiko da euria eta arratsaldean ia denean egingo du, Atlantikoko Isurialdean eta lurraldearen ipar-ekialdean salbu.

Tenperatura minimoak berdin mantenduko dira edo apur bat jaitsiko dira Erriberan. Maximoei dagokienez, ipar-ekialdean nabarmen igoko dira, eta ekialdean gutxiago.  Hori horrela, 10-21 ºC artean egongo dira termometroak Lizarran; Iruñean, 12-22 ºC artean; Erronkarin, 10-20 ºC artean, eta Tuteran, 13-22 ºC artean.

Iragarpena

Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren iragarpenaren arabera, astearte goiza lasaia izango da; norabide aldakorreko haize ahula ibiliko da eta hainbat tokitan ateri eutsiko dio. Euria, egitekotan, urria izango da eta ostarteak zabal daitezke zenbait txokotan. Eguerdi aldera, ordea, haizea iparraldetik finkatu eta indartu egingo da. Era horretan, arratsaldean hodeiak ugaritu egingo dira, eta euria sarriago egingo du. Barnealdean zaparrada trumoitsu batzuk bota ditzake, zenbait tokitan mardulak. Kostaldean, berriz, noizbehinka soilik bustiko du. Tenperatura maximoek gora egingo dute eta 18-20 ºC ingurukoak izango dira.

Asteazkenean giro ezegonkorra eta bustia izango dugu. Zeruan hodei dezente agertuko dira eta euria utziko dute; baliteke tarteka ekaitzak ere jotzea, bereziki hegoaldean eta ekialdean. Haizeak berriz ere iparraldetik joko du, eta tenperatura ez da gehiegi aldatuko, gehienez termometroak 18-20 ºC ingurura iritsiko dira.

Ostegunean hobera egingo du apur bat, eta ekaitzak sakabanatuagoak izango dira; gehienbat mendi inguruetan eta arratsaldean espero dira zaparrada trumoitsuak. Hodeitza aldakorra izango da, eta aurreko egunetan baino urriagoa. Era horretan, tarteka eguzkia ikusteko aukera izango da, bai hegoaldean eta baita kostaldean ere. Iparraldeko haize ahula ibiliko da, eta tenperatura ez da gehiegi aldatuko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Alerta meteorologikoak Euskal Autonomia Erkidegoa Eguraldia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak