Gizartea -
Gasteizen
Emakume bat epaituko dute alabaren eskolako zuzendariari eraso egiteagatik
Eskolako zuzendariari zaplazteko bat eta bizkarrean "bi kolpe handi" ematea egotzi diote akusatuari. Fiskaltzak urtebeteko espetxe-zigorra eskatu du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Arabako Fiskaltzak urtebete eta hiru hilabeteko espetxe-zigorra eta 480 euroko isuna eskatu ditu Gasteizko emakume batentzat, alabaren eskolako zuzendariari zaplazteko bat eta bizkarrean "bi kolpe handi" ematea leporatuta.
Fiskaltzak bere idazkian azaldu duenez, akusatua ikastetxean agertu zen 2017ko apirilaren 25ean, senarrarekin batera, zuzendariarekin biltzeko asmoz, aurreko egunean alabak izandako arazo baten gainean hitz egiteko.
Batzarra egin zuten zuzendariaren bulegoan, eta bertan akusatuak zaplaztekoa eman zion zuzendariari, eta, hura pasillora atera zenean, bizkarrean "bi kolpe handi" eman zizkion, "irakaskuntzako langile publikoek berez duten agintea errespetatu barik", Fiskaltzaren iritzian.
Erasoaren ondorioz, eskolako zuzendariak eritema batzuk izan zituen sorbaldan (tratamendu barik sendatu ziren). Fiskaltzaren arabera, jazotakoa langile publikoaren aurkako atentatu-delitua da, eta lesio-delitua.
Azkenik, Ministerio Publikoak 72 euroko kalte-ordaina eskatu du zuzendariarentzat.
Epaiketa datorren astean izango da, Gasteizko auzitegi batean.