Gizartea -
Eguraldia
Abisu horia astearterako Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroa iparraldean, euriteengatik
Metro koadroko 15 litro bota ditzake ordubetean isurialde atlantikoko hainbat lekutan.
EITB.EUS
Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako iparraldea abisu horian izango dira astearte honetan prezipitazio handiengatik, hurrenez hurren, Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak eta Aemet Espainiako Meteorologia Agentziak ezarrita.
Iragarpenen arabera, gogotik egingo du euria, eta isurialde atlantikoan prezipitazioa iraunkorra eta oso ugaria izango da. Trumoi-ekaitzak izan daitezke, eta zaparrada handiak, zenbait lekutan.
Bizkaian eta Gipuzkoan, 00:00etatik 18:00etara egongo da indarrean abisua. Euskalmeten arabera, ordubetean metro koadroko 15 litro bota ditzake. Are gehiago, egun osoan zehar, isurialde atlantikoko zenbait lekutan metro koadroko 30-50 litro baino gehiago pila daitezke.
Foru Erkidegoan, Nafarroako iparraldeari bakarrik eragingo dio abisuak, 08:00etatik 17:00etara.