Gizartea -

Emakumeen aurkako indarkeria

Neska adingabe batek sexu-erasoa salatu du Santurtzin

Erasoa maiatzaren 27an gertatu zen, hiri bizkaitarrean. Kasua Adingabeen Fiskaltzaren esku dago, eta epaileak sekretua ezarri du, ustezko erasotzailea ere adingabea delako.

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Neska adingabe batek Santurtzin (Bizkaia) sexu-erasoa egin diotela salatu du. Ustezko erasotzailea ere adingabea bat da eta erasoa maiatzaren 27an izan zen.

Ertzaintzak baieztatu egin du salaketa aurkeztuta dagoela eta, gaineratu duenez, kasua Adingabeen Fiskaltzaren esku dago. Epaileak sekretua ezarri du.

Maiatzaren 27an Ibilaldia ikastola bizkaitarren jaia ospatu zen hiri horretan, baina oraindik zehaztu gabe dago testuinguru horretan gertatu ote zen erasoa.

Gaur goizean bildu da Santurtziko Bozeramaleen Batzordea, erasoaren gaitzespena egiteko.

Udalak ohar bidez jakinarazi duenez, talde politiko guztiek "aho batez" gaitzetsi dute salatutako sexu-erasoa eta baita gisa honetako eraso oro ere.

Gainera, talde politiko guztiek adostuta, bost minutuko kontzentrazio isila deitu dute bihar, asteazkena, 12:00etan udaletxearen atarian. Aldi berean, beste kolektibo batzuek deitu ditzaketen ekitaldiei ere babesa agertu diete.

Ikastolen Elkarteak eta aurtengo Ibilaldia antolatu duen Santurtziko Bihotz Gaztea ikastolak "atsekabea eta asaldura" agertu dute sexu-erasoaren berri izan ostean.

"Gogor eta indar guztiarekin salatzen eta gaitzesten dugu horrelako ekintza bat, bere horretan indar guztiz salatzekoa izateaz gainera, ikastolok bultzatzen dugun gizarte ereduaren, gure ikasleei, gure seme-alabei ematen diegun hezkuntza ereduaren guztiz kontrako ekintza ere badelako", adierazi dute ohar bidez.

Azken urteetan, jai parekideak bultzatzeko, eraso sexistarik ez onartzeko, eta, emango balira, haiei aurre egiteko ikastolen jaietan lan handia egin dela azpimarratu dute. Horrez gain, kasu horietarako protokolo eta ekinbide zehatzak badituztela eta lanean jarraituko dutela adierazi dute.

_________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Santurtzi Bizkaia Delituak Salaketak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa