Gizartea -
IRAGARPENA
Abisu horia ezarri dute kostaldean, prezipitazio handiengatik
Euriari dagokion abisu horia 14:00ak arte egongo da indarrean. Euskalmeten iragarpenaren arabera, metro koadroko 15 litro ur pilatu daitezke ordubetean.
EITB.EUS
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak euriari dagokion abisu horia aktibatu du 09:00etatik 14:00ak arte. Izan ere, Euskalmeten iragarpenaren arabera, metro koadroko 15 litro ur pilatu daitezke ordubetean kostaldeko zenbait tokitan.
Gaur, zaparrada txiki-ertainak eta trumoitsuak botako ditu, eta baliteke, iragarpenaren arabera, zenbait tokitan handiak izatea. Arratsaldean atertzera egingo du. Mendebal eta ipar-mendebaldeko haizeak ahul ibiliko dira, baina kostaldean bolada gogorrak ere izan daitezke. Tenperatura maximoak nahikoa edo nabarmen jaitsiko dira.
Asteartean, euria barra-barra egingo du goizean eta arratsaldeko lehen orduetan ipar-ekialdean. Hegoaldean, berriz, euri txikia egingo du noizbehinka, eta ostarteak zabalduko dira eguerditik aurrera. Mendebaldeko edo ipar-mendebaldeko haizeak zakar joko du kostaldean, eta tenperaturan ez da aldaketa nabarmenik espero.