Gizartea
Alerta meteorologikoa
Larrialdiei aurre egiteko plana aktibatu dute Gipuzkoan uholdeak direla eta
Agentziak | Erredakzioa
Bidasoa, Urumea eta Oiartzun ibaietako goi-ibarrean metro koadroko 80 litro ur pilatu daitezke.


Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak Larrialdi Plan Berezia alerta fasean aktibatu du prezipitazio handiak espero baitituzte datozen orduotan eta uholde arriskua baitago Bidasoa, Oiartzun eta Urumea ibaietako arroetan.
Prentsa-ohar baten bidez zabaldutakoaren arabera, ibai horien egoera ikusita eta Gipuzkoan datozen orduotan prezipitazio handiak izatea espero direla jakinda, Segurtasun Sailak EAEko Uholdeei Aurre Egiteko Larrialdi Plan Berezia aktibatu du, alerta fasean.
Hori dela eta, Ertzaintza, suhiltzaileak, udaltzainak eta boluntarioak, besteak beste, adi egongo dira datozen orduotan.
Hasta el momento la mayoría de las intervenciones son por árboles y ramas caidas en vía pública #bomberos #uholde ¿
— Bomberos Euskadi (@BomberosEuskadi) 12 de junio de 2018
Momenturarte interbentzio gehienak bide publikoan eroritako zuhaitzen ondorioz dira #suhiltzaileak #uholde ¿
Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak abisu horia aktibatu du gaurko (asteartea) eta biharko (asteazkena) Gipuzkoa ekialdean prezipitazio handiak izatea espero delako.
Azken bi horiek ere kontuan hartuta, zazpi dira jada astebetean Euskadin aktibatutako abisu horiak.
Horrela, astearte honetan 21:00etatik 00:00etara izango da indarrean abisu horia; izan ere, metro koadroko 60 litro ur pilatu daitezke 24 ordutan Gipuzkoako ekialdean, prezipitazio ertaina egingo baitu, iraunkorra eta oso ugaria, eta baliteke zenbait tokitan handia izatea.
Asteazkenean abisu hori aktibatuko dute berriro 09:00etatik 12:00etara.
Nota de prensa: En Fase de Alerta del Plan Especial de Emergencias ante el riesgo de Inundaciones en las cuencas BIDASOA, OIARTZUN y URUMEA.__Prentsa oharra: Uholdeen Larrialdi Plan Bereziaren Alerta Fasean BIDASOA, OIARTZUN eta URUMEA ibaietan. #abisuhoria #euria #uholdea pic.twitter.com/qGHd7AFNSO
— SOS Deiak - 112 (@112_SOSDeiak) 12 de junio de 2018
Uholdeak Irunen
Lehen eragozpenak sortu ditu euriak Irunen, batez ere, Jaitzubian. Olaberria auzoan jaso dira oraingoz arazorik handienak, errepidea urez beteta baitago. Hala ere, uholdeak beste toki batzuetara ere heldu dira.
Txingudi ikastolan, esaterako, jolastokia putzuz beteta dago, eta 13:15ean bukatutzat emango dituzte gaurko eskolak, euri jasen ondorioz.
Bestalde, Añarbeko zerbitzu teknikoek jakitera eman dutenez, iragarritako aurreikuspen meteorologikoaren aurrean, 10:00etatik aurrera urtegia husten hasi dira; 14:30 arte hustuko dute, betiere Urumea ibaiaren mailak uzten duen bitartean.
Añarberen egoera partea / Parte de situación Añarbe pic.twitter.com/YiVCjKS3eP
— Aguas Añarbe Urak (@AnarbeUrak) 12 de junio de 2018
Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, gaur eta bihar zerua oso hodeitsu edo estalita egongo da. Egunaren bigarren zatian, zerua hodeitsu egongo da Bizkaian eta Araban. Gipuzkoan euri txiki edo ertaina egingo du, bereziki ekialdean; bertan oso ugaria eta iraunkorra izango da, eta baliteke zenbait tokitan handia izatea. Gainerakoan, euri txikia egingo du noizbehinka, bereziki goizean.
Ostegunean, zerua hodeitsu egongo da; arratsaldean, hodeiak gutxitu egingo dira, bereziki hegoaldean. Euri txikia egingo du isurialde atlantikoan eta arratsaldean atertzera egingo du.
Ostiralean, egunaren lehen partean, zerua hodei gutxirekin egongo da; arratsaldean, hodeiak ugarituko dira, eta zerua oso hodeitsu geratuko da gauean.