Gizartea -
Haize-bolada indartsuak
71 urteko gizon bat zauritu da Errenterian, zuhaitz bat gainean erorita
Ezbeharra Miguel de Zabaleta kalean gertatu da. Gizonaren hankak harrapatu ditu arbolak. Biktima Donostia Ospitalera eraman dute.
Agentziak | Erredakzioa
71 urteko gizon bat zauritu da gaur Errenterian (Gipuzkoa), euri-jasen eta haize-bolada indartsuen ondorioz zuhaitz bat gainean erorita.
Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, ezbeharra 13:15 aldera gertatu da Miguel de Zabaleta kalean. Zuhaitz bat 71 urteko gizonaren gainean erori da, eta biktimaren hankak harrapatu ditu.
Gipuzkoako suhiltzaileak bertaratu dira, biktima laguntzeko. Gizonak ez du konorterik galdu. Donostia Ospitalera eraman dute.
Goizeko gertakaririk larriena izan da. Euri-jasa etengabeek eta haize-boladek arazoak sortu dituzte Gipuzkoako ekialdean, batez ere Irunen eta Hondarribian, baina baita Donostian ere.
Gipuzkoako hiriburuan, Udaltzaingoak eta suhiltzaileek 14 aldiz esku hartu behar izan dute zuhaitzak erori direlako, eta beste bi fatxadetatik zerbait erori delako, Udalak jakinarazi duenez.
Gainera, bi luizi gertatu dira Donostian, esanguratsuena Errondo bidean. Igoerako erreia badaezpada itxi behar izan dute, arrakala agertu baita. Guardaplata bidean, Igeldon, beste luizi txikiago bat izan da.
Irunen zuhaitz bat auto baten gainean erori da Aranzate Jauna kalean, eta Olaberria eta Jaizubia ubideek gainezka egin dute euri-jasengatik. Ondorioz, uholdeak gertatu dira.
Jaizubiako erretenak gainezka egitean, urak Txingudi ikastolaren kirol esparrua hartu du, Segurtasun Sailak zehaztu duenez.
Hondarribian, urak etxabeak eta garajeak hartu ditu Ramon Iribarren pasealekuan, Higer itsasargira daraman igoeran.