Gizartea -

Berriatua (Bizkaia)

Atxurra leize-zuloa labar-arte galeria eta tailerra izan zen

Haitzuloaren interes arkeologikoa 2015eko irailean baieztatu zuten Diego Garatek eta Iñaki Intxaurbek, sarrera nagusitik 235 metrora animalien grabatuak aurkitu zituztenean.

113 animalia irudi aurkitu dituzte jada Berriatuko Atxurra kobazuloan

1:20

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Berriatuko (Bizkaia) Atxurra leize-zuloan egiten ari diren ikerketek arkeologia-aztarnategiaren garrantzia baieztatu dute dagoeneko; izan ere, Euskadiko animalien labar-grabatu kopururik handiena du. Bizkaiko Aldundiaren hitzetan, “historiaurreko santutegi” bat da, “arte galeria” eta “artisten tailerra” izan zelako.

Lorea Bilbao Bizkaiko Kultura foru diputatuak agerraldia egin du Batzar Nagusietako batzordean, Ganberako talde mistoak eskatuta, Atxurra leize-zuloaren barruan egiten ari diren ikerketen balantzea egiteko.

Kobazuloaren interes arkeologikoa 2015eko irailean baieztatu zuten Diego Garate arkeologoak eta Iñaki Intxaurbe espeleologoak, sarrera nagusitik 235 metrora animalien grabatuak aurkitu zituztenean.

Bilbaok azaldu duenez, orain arte egindako bi indusketa kanpainetan, eta erabilitako teknologia berriei esker, animalien 113 irudi topatu dituzte haitzuloan, gehienbat bisonteak eta zaldiak, baina baita ahuntzak eta oreinak ere, besteak beste.

Era berean, dozena bi silex pieza bildu dituzte. Margotzeko erabili zituzten tresnak ikusteko aukera eman du horrek, baita nola erabili zituzten jakiteko ere. 500 ikatz hondar aurkitu dituzte leizean, “artistek” argitasuna izateko erabilitakoak. Gainera, lanpara primitibo “mugikor” bat topatu dute ikertzaileek: “alde bat hustu zioten, erregaia bertan jartzeko”.

Lanak % 100ean finantzatu ditu Bizkaiko Foru Aldundiak. Zentzu horretan, ikerketan sakontzeko, lanak bi urte gehiago luzatuko direla azpimarratu du diputatuak, besteak beste, aurkikuntzen kronologia zehatz bat osatzeko helburuarekin.

Unibertsitateko adituekin elkarlanean aritzeko Aldundiaren interesa nabarmendu du Bilbaok, “kontakizun bat osatzeko”, etorkizunean hezkuntzan zein ikerketan erabiltzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea