Gizartea -

Iruña-Veleia auzia

Iruña-Veleiako grafitoak berriro aztertzeko sinadurak biltzen ari dira

Iruña-Veleia Argitu plataformak dagoeneko 140 atxikimendu dituen manifestu bat argitaratu du. Kultura eta gizarte arloko ordezkarienak dira, gehienak euskal herritarrenak.

Iruña-Veleiako aztarnategia. Artxiboko argazkia: EiTB
Iruña-Veleiako aztarnategia. Artxiboko argazkia: EiTB
Iruña-Veleiako aztarnategia. Artxiboko argazkia: EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iruña-Veleia Argitu plataformak dagoeneko 140 atxikimentu dituen manifestu bat argitaratu du, arkeometrian adituak diren Europako hiru laborategik Arabako aztarnategi honetan aurkitutako grafitoen laginak aztertzeko, faltsuak diren ala ez zehazteko. Atxikimenduak kultura eta gizarte arloko ordezkarienak dira, gehienak euskal herritarrenak.

Plataformaren ustez, ez dago frogatuta aztarnategi honetan aurkitutako 400 pieza baino gehiagoren faltsutasuna. Eliseo Gil indusketaren zuzendari ohia auzipetzea eragin du, baita bi kolaboratzaile ere, ustezko faltsutzeagatik.

Arabako Fiskaltzak bost urte eta erdi eskatu ditu Gilentzat; Arabako Aldundiak, aldiz, zazpi urte t´erdiko kartzela-zigorra eskatu du, ondare historikoaren aurkako delituagatik eta iruzurragatik. Oscar Escribano eta Ruben Cerdan kolaboratzaileentzako ere kartzela-zigorra jartzea eskatu dute. Epaiketa uda ostean egitea aurreikusi dute, Arabako auzitegi batean.

Ezbaian jartzen diren aurkikuntzak 2005 eta 2006 urteen artean egin zituzten, Lurmen enpresa zela kudeatzailea, eta Gil administratzailea. XXI, VI eta V mendeetako zeramiketan idatzita dauden grafitoak dira, eta publiko egin zituztenean, 2006ko ekainean, historikotzat jo zituzten, besteak beste, euskararen agerraldia eta Kristautasunaren sarrera III. mendera aurreratzen zituztelako. Halere, ustez auzipetuek egin zituzten.

Iruña-Velaia Argitu plataforma SOS Iruña-Veleia, Euskeraren Jatorria, Martin Ttipia eta Lurmen elkarteek osatzen dute. Ostegun honetan aurkeztu dituzte ofizialki "argitzearen aldeko" manifestuak jasotako atxikimenduak; besteak beste, Garbiñe Biurrun Euskadiko Justizia Auzitegi Nagusiko magistratuaren, Eduard C. Harris arkeologoaren eta Benito Lertxundi musikariaren babesa jaso du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba Iruzurrak Gizartea Eguneko albisteak Kultura Albisteak Arkeologia albisteak Iruña Oka