Gizartea -
Behin-behineko askatasuna
Nafarroako Auzitegiak asteon erabakiko du 'La Manada'ko kideak aske utzi ala ez
Epaimahaiak '24 edo 48 orduren buruan erabakiko du', bi aldeen ustez.
Agentziak | Erredakzioa
Nafarroako Auzitegiaren 2. Sekzioko epaimahaiak ordubete eman du aldeen argudioak entzuten, gehienak 'La Manada'ko bost kideak kartzelan mantentzearen aldekoak. Orain, horrek du azken hitza. Erabakia "aurki" hartuko omen dute, "bihar ala etzi ziurrena".
Biktimaren abokatua, Fiskaltza eta herri akusazioko abokatuak (Nafarroako Gobernua eta Iruñeko Udala) bost gizonak aske geratzearen kontra agertu dira. Miguel Angel Moran neska madrildarraren abokatuak esan duenez, "baikor" atera da saiotik. Victor Sarasa Iruñeko Udaleko abokatuak, bere aldetik, kartzelan mantentzeko argudioei eutsi diela azpimarratu du: "frogatutako ekintzen larritasuna eta ihes egiteko arriskua". Sarasaren hitzetan, "uste dugu laster helduko dela erabakia, 24-48 orduren buruan. Hori da logikoena".
Agustin Martinez Becerra 'La Manada'ko bost kideetako lauren defentsako abokatuak, berriz, akusatuak aske uztea beste aukerarik ez dagoela nabarmendu du, eta hala ez bada, Auzitegi Konstituzionalera joko duela babes bila.
Iruñean preso dauden hiru zigortuak Auzitegian egon dira, eta beste biek bideokonferentziaz jarraitu dute saioa. Akusatuek ez dute hitza hartzeko eskubiderik izan.
Nafarroako Auzitegiak 9 urteko kartzela zigorra ezarri zien 2016ko sanferminetako talde bortxaketaren bost egileei, sexu-abusuen delituagatik. Hala ere, sexu-erasoen delituagatik absolbitu zituen 'La Manada'ko kideak.
________________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.