Gizartea -

160tik gora Espainian

10 hegaldi bertan behera utzi dituzte Loiun, Europako denboraleagatik

Estatuko aireportuek Frantziako, Alemaniako, Italiako, Erresuma Batukoekin dituzten loturak dira arazo gehien eragin dituztenak. AENAren arreta telefonoa: 902 404 704.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europa astintzen duen hotza eta elurra dela eta, hamar hegaldi bertan behera utzi dituzte Loiuko aireportuan, eta ehundik gora Estatuko gainerakoetan, AENAk jakinarazi duenez.

Hain zuzen, Alemaniarako sei hegaldi, Frantziarako bi, eta Erresuma Baturako beste bi bertan behera utzi dituzte Bilboko aireportuan. Forondako (Gasteiz), Hondarribiako (Gipuzkoa) eta Noaineko (Iruñeko) aireportuetan normaltasuna da nagusi.

Estatuko aireportuek Frantziako, Alemaniako, Italiako, Erresuma Batukoekin dituzten loturak dira arazo gehien eragin dituztenak. Hori horrela, Alemaniarekin 24hegaldi bertan behera utzi dituzte; Frantziarekin, 55; Italiarekin, 4 eta Erresuma Batuarekin, 85.

Europako aireportuen egoera

Atzo ia egun osoa itxita egon ostean, ez dira hegazkinik lurreratuko Londreseko Heathroweko aireportuan eta zazpi baino ez dira aireratuko. Gatwickeko aireportuan, halaber, arazoak izango dira bigarren egunez jarraian.

Frantzian, Roissy-Charles De Gaulle hiriburuko aireportuan hainbat atzerapen izan dira.

Europako aire-zirkulazio handiena duen Francforteko (Alemania) aireportuan 1.317 hegaldietako 470 hegaldi bertan behera utziko dituztela aurreikusi dute.

Erresuma Batura eta Alemaniara zihoazen 3.000 bidaiari inguru Belgikako aireportu nagusira eraman zituzten atzo; izan ere, elurra botatzeagatik ere, Bruselako aireportuan normaltasuna nagusi da.

Holandako Shiphol aireportuko agintariek ohartarazi dutenez, dozena bat hegaldi bertan behera utziko dituzte gaur.

Azkenik, Pisako (Italia) aireportua gaur berrireki dute. Dena den, goizeko lehen orduetan zenbait hegaldi bertan behera utzi dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea