Gizartea -

Emakumeen aurkako indarkeria

Emakume bat hil du haren bikotekideak tiroz Granadan

Senarrak bi aldiz tirokatu zuen 43 urteko emakumea larunbatean, bikotearen etxebizitzaren ondoan. Emakumea igande arratsaldean hil da, ospitalean; egoera kritikoan zegoen.

Bikotea bizi zen etxebizitza. Irudia: FE
Bikotea bizi zen etxebizitza, Granadan. EFE
Bikotea bizi zen etxebizitza. Irudia: FE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Larunbat honetan gizonezko batek bi aldiz tirokatu zuen haren emaztea, Guadahortunan, Granadan, bikotearen etxebizitza ondoan, eta igande arratsalde honetan hil da, ospitalean.

Medikuek jakitera eman dutenez, sabelean eta buruan jaso zituen bi tiroek eragindako zauri larriak ezin izan ditu gainditu.

Biktima helikopteroz eraman zuten ospitalera, eta ebakuntza egin ostean, zainketa berezien unitatean sartu zuten.

Gertaera larunbat arratsaldean, 14:00ak baino lehen, izan zen. Oraindik ezagutzen ez diren arrazoiengatik, biktimaren senarrak bi aldiz tirokatu zuen 43 urteko emakumea Guadaortuna de Ocon kalean, senar-emazteen etxebizitzatik gertu.

53 urteko gizonezkoak ez zuen aurrekari polizialik. Udalerrian bertan atxilotu zuten, emazteari tiro egin eta minutu gutxira. Hiru seme-alaba dituzte, eta batzuetan elkarrekin bizitzeari uzten zioten eztabaidengatik.

Guardia Zibilak adierazi duenez, emakumeak ez zuen aurrez genero-indarkeriagatik salaketarik jarri. Halere, agenteak gerturatzeko eskaera egin zuten bizilagunek duela urte batzuk, eztabaida batzuengatik, geroago salaketarik formalizatu ez arren.

Atxilotua hiriburuko komandantzian dago, armak legez kontra edukitzeko eta giza hilketa delituak egotzita.

Halaber, Guardia Zibilak esan du eginbideekin jarraitzen duela, beraz, biktimaren senarra asteartera arte epailearen esku ez jartzea aurreikusi dute.

_______________________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak Indarkeria matxista Espainia Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa