Gizartea -
udako ordutegia
Euskotrenek udako ordutegia jarri du abian
Astelehen honetatik aurrera, Durango/Ermua-Deba tartean tren gehiago ibiliko dira Debako hondartzara joateko, eta Atxuri-Durango/Traña eta Durango/Traña-Atxuri zerbitzu zuzenak kenduko dira.
Agentziak | Erredakzioa
Euskotren sozietate publikoak tren eta metro zerbitzuetako udako ordutegia jarriko du abian gaur (astelehena), ekainaren 18an, Usansoloko Ospitalera eta Zamudioko Teknologia Parkera doazen tren-bus zerbitzuetan tartean.
Udako garaia iristearekin batera, Euskotrenek eskaintza egokituko du udan berezkoak diren joan-etorrien beharrizanak asetzeko.
Horrela, trenen ohiko zerbitzua indartuko da jende asko joaten den hondartzetara joan-etorriak errazteko, eta herriko jaietan eta udako ekitaldietan garraio publikoaren aukerak eskaintzeko zerbitzu bereziak ezarriko dira.
Trenari dagokionez, trenen eskaintza gehituko da Durango/Ermua-Deba tartean Debako hondartzara joateko, eta Atxuri-Durango/Traña eta Durango/Traña-Atxuri zerbitzu zuzenak kenduko dira.
Bermeo-Atxuri-Bermeo linean, zerbitzu zuzenen zati handi bat kendu eta asteburuetako eta jaiegunetako zerbitzua indartuko da, trenak 30 minutuan behin eskainiz. Metroaren 3. linean, zerbitzua eskainiko da ostiral eta jaiegun bezpera guztietan.
Halaber, Zumaia-Amara-Zumaia tartean, trenen eskaintza bikoiztu egingo da asteburuetan eta jaiegunetan arratsaldez. Amara-Irun-Amara eta Altza-Amara-Altza tarteak ere indartuko dira asteburuetan eta jaiegunetan arratsaldez, zerbitzuak 15 minutuan behin eskainiz.
Tranbiak
Gasteizen, ekainaren 25etik aurrera udako zerbitzua indarrean izango denez, lanegunetako errefortzua kenduko da tranbia zerbitzuan.
Bilbon ere, udako ordutegia ezarriko da ekainaren 25ean, eta 15 minutuan behin eskainiko da zerbitzua, lanegunetan zein asteburu eta jaiegunetan.
Informazio gehiago nahi duten erabiltzaileek eskuragarri dituzte 944 333 333 telefono-zenbakia, www.euskotren.eus web orria, @euskotrenejgv Twitter gunea eta Euskotrenen app ofiziala.