Gizartea -

Immigrazioa

Astelehenean Donostiara heldu ziren 46 etorkinak 'ondo' daude

Une honetan banan-banan elkarrizketatzen ari dira. Etorkinak ekarri behar zituen autobusaren ordutegiarekin nahastu ziren, eta horrek laguntza atzeratu zuen.

Saharaz hegoaldeko etorkinak Donostiako autobus geltokian, astelehenean. Argazkia: EFE
Saharaz hegoaldeko etorkinak Donostiako autobus geltokian, astelehenean. Argazkia: EFE
Saharaz hegoaldeko etorkinak Donostiako autobus geltokian, astelehenean. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Astelehenean Donostiako autobus geltokira heldu ziren Saharaz hegoaldeko 46 etorkinak “ondo” daude, Gipuzkoako Foru Aldundiak gaur jakitera eman duenez. Gurutze Gorriak artatu ditu. Etorkin taldeko bi adingabeak Aldundiaren esku geratuko dira.

Imanol Lasa Aldundiko bozeramaileak gaur prentsaurrekoan, Donostian, azaldu duenez, Gipuzkoako Aldundiaren “zaintzapean” geratu diren bi adingabeek 16 urte dituzte.

16 eta 36 urte bitarteko etorkin guztiak gizonak dira, eta Gurutze Gorriko kideek artatu dituzte. Horrela, azterketa medikoak egiteko aukera izan dute etorkinek.

Une honetan banan-banan elkarrizketatzen ari dira; izan ere, “pertsona askeak” dira eta beraiei dagokie egin nahi dutena erabakitzea, “asiloa eskatu edo beste lurralde ala herrialde batzuetara alde egitea”, Lasak gaineratu duenez.

“Gure artean dauden bitartean ongi artatuko ditugula argi dugu”, azpimarratu du Lasak. Bestalde, etorkinek inolako abisurik jaso gabe Donostian nola bukatu duten ikertzeko asmorik ez du izan Aldundiak, argitu duenez.

“Premiazkoa” pertsonei “babes sistema, janaria, ostatua, psikologoak eta medikuak” eskaintzea zela nabarmendu du bozeramaileak. Horretarako, Aldundiak eta Udalak lantaldea sortu zutela gogorarazi du Lasak, Gurutze Gorriaren lankidetzarekin.

Hala ere, etorkinak lehendabizi Almeriara heldu zirela onartu du Aldundiko ordezkariak. “Gurutze Gorriaren eta Poliziaren oniritzia izan zuten”, erantsi du.

Eneko Goia Donostiako alkateak azaldu duenez, pertsona horiek artatzeko Gurutze Gorria eta Udaleko aterpe bat lanean jarri ziren. Etorkinen osasun egoera ona da, baina nekaturik daudela azaldu du.

Ordutegiarekin nahasi dira

Etorkinak Almeriatik Donostiara ekarri behar zituen autobusaren ordutegiarekin nahastu ziren, eta horrek laguntza atzeratu zuen. Ondorioz, etorkinek orduak eman zituzten hiriburuko autobusen geltokian inolako laguntzarik jaso gabe.

Almeriako Gurutze Gorriaren abisua gobernuz kanpoko erakundearen Euskadiko arduradunek jaso zuten, baina autobusa heldu behar zen orduarekin ez zuten asmatu. Euskadiko Gurutze Gorriak Gipuzkoako baliabideak martxan jarri zituenerako, Saharaz hegoaldeko 46 etorkinak Donostian zeuden.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako Udala Donostia Migrazioa Gipuzkoa Gurutze Gorria Gizartea Albisteak