Gizartea -

Azoka

San Tomas, jendez beteta

Euria egin duen arren, ohikoa izaten da eguraldi txarra udazkeneko azken egunean, azoka jendez lepo beteta ikusi dute Donostian, Azpeitian eta Bilbon.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

San Tomas eguna ospatu dute Donostian, Bilbon eta Azpeitian. Gabonetako ataria da urtero feria eta euria egin duen arren San Tomas egunak ez du huts egin, milaka lagun gerturatu dira txistorra protagonista duen hitzordura.

Bilbon, 125.000 lagun inguru hurbildu dira San Tomas azokara. "Istilu eza eta salmenta bikainak izan ditu egunak", BBK-k prentsa-ohar batean jakinarazi duenez.

Bizkaiko hiriburuan, 296 postu jarri dituzte, Areatzan eta Plaza Berrian. Gerturatu behar zen jende mordoa aurrikusita, Udalak trafikoan aldaketak egin ditu eta gaueko hamarrak arte Areatzan sartzea debekatu du. Hala ere, parkingetara sarbidea ahalbidetu dute. Hala eta guztiz ere, Udalak garraio publikoa erabiltzea gomendatu du.

64. edizioan, Bilboko ferian 140 ekoizlek parte hartu dute. Eguraldia ez da egokiena izan eta, hortaz, iaz baino zertxobait jende gutxiago gerturatu omen da festara. Hala eta guztiz ere, baserritarrek azaldu dutenez, salmentak onak izan dira. Gainera, iazko prezioak mantendu dituzte.

Segurtasuna bermatzeko, Bilboko Udaltzaingoaren 20 agente aritu dira kalean, kale-jantzian, lapurretak atzematen.

Donostian, aurtengo txistorra irabazlea Oiartzungo Etxeko izan da. Guztira, 150 postu izan dira Gipuzkoako hiriburuan eta 10.000 txistorra kilo saldu dira. Hala ere, eguneko protagonista nagusia Filemona zerria izan. Leitzako zerriak 330 kilo pisatu ditu eta, jabeak adierazi duenez, "baldarra, baina dotorea da". Gaueko bederatziak arte, trafikoa itxita egongo da Gipuzkoako Plaza inguruan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea