Gizartea -

Indarkeria matxista

Uholde feministak kaleak hartu ditu berriro, 'La Manada'koak libre geratu ostean

Euskal Herriko hiriburu eta herri askotan izan dira protestak, eta milaka emakume eta gizonezko atera dira kalera.

Bilbon egindako elkarretatzea, 'La Manada' behin-behinean aske geratu ostean. EiTB
Bilbon egindako elkarretatzea, 'La Manada' behin-behinean aske geratu ostean. EiTB
'La Manada'koak kartzelatik irten eta uholde feministak kaleak hartu ditu

5:15

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Milaka emakume atera dira gaur berriro kalera Nafarroako Auzitegiak 'La Manada'koak (2016ko sanferminetan emakume bati sexu abusuak egiteagatik zigortuak) behin behinean libre uztea erabaki ostean.

Kolektibo eta elkarte feministek deituta, ebazpena atera zenean bezalaxe, emakumeak kalera atera dira Euskal Herriko txoko guztietan.

Milaka pertsona bildu dira berriro Iruñeko udaletxeko plazan "ezetza ezetz da" esateko eta sumindura eta errefusa adierazteko.

"Ezetza ezetz da. Justizia!" izan da protestaren buru zen pankartaren leloa. Andrea eta Lunes Lila kolektibo feministek deitutako protestan emakumeek eutsi dute pankarta, eskularru gorriekin, duela urte batzuetatik Nafarroan sexu-erasoen aurkako protestetan erabiltzen diren ikurrekin.

Antolatzaileek bat egin dute Iruñeko Peñek zabaldutako adierazpenarekin, eta irakurri egin dute. Bertan, "sanferminetan berdintasunean gozatzeko" eskatu diete herritarrei, eta "ez isiltzeko" eraso sexisten aurrean.

Bilbon, milaka lagunek egin dute elkarretaratzea epaitegien aurrean eta bortxaketaren kulturaren, justizia patriarkalaren aurkako oihuak egiteaz gain, biktimari sinesten diotela adierazi diote.

Txistu hotsen artean, sexu abusua ezetz, bortxaketa izan zela aldarrikatu dute, "gora borroka feminista" oihuekin batera.

Donostian ere ehunka izan dira Boulevardeko kioskoaren ondoan elkartu direnak Donostiako Mugimendu Feministak deituta, eta sexu erasoen aurrean erantzun beharra eta elkartasuna aldarrikatu dute, bandera morez inguratuta.

19:10 aldera, manifestazioak Parte Zaharreko kaleak zeharkatu ditu, txalo artean, "gora borroka feminista" eta “Kaleak eta gauak gureak dira” oihuka.

Nagore Iturrioz Donostiako Asanblada Feministako ordezkaria gustura agertu da hedabideen aurrean donostiarrek deialdiari emandako erantzunagatik, baina eskaera ere egin du, erantzuna ez dadila soilik kasu "mediatikoetan" izan, "egunero gertatzen den zerbait delako".

Gasteizen elkarretaratzea 20:00etan hasi da Andre Maria Zuriaren plazan, atzoko mobilizazioaren leku berean.

_________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak Bilbo Donostia Iruñea Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Matxismoa Feminismoa ‘La Manada’ auzia