Gizartea -
San Joan gaua
San Joan gaueko su batek zelai bat erre du Barrikan
Lazkaon eraikin bat hustu behar izan dute hutsik zegoen etxebizitza batean sortutako sute batengatik. Bestalde, gizon bat larrialdietara eraman dute Iruñean, su batean buruz behera erori ostean.
Radio Euskadi | Agentziak
San Joan gauean, Barrikan (Bizkaia) egin duten su baten kontrola galdu, eta alboko zelaia erre da, Golfo Norte tabernaren aurrean, itsaslabarretik gertu.
Haizearen eraginez, sutzarrak jendea zegoen zelaia erre du. Sua itzali dute suhiltzaileek, eta ez da ondorio tragikorik izan.
Argazkia: EiTB.
Lazkaon (Gipuzkoa), larunbateko 23:30etan, hirugarren solairuko etxebizitza batean izandako sute baten ondorioz, hamar pisuko eraikina hustu behar izan dute, Iturgaitzaga kalean.
Hutsik zegoen etxebizitza, eta suteak balkoi batean zegoena baino ez du erre.
Pertsona bat artatu behar izan dute, urduri zegoelako, eta behin sutea itzalita, bizilagunek beren etxeetara itzuli ahal izan dute.
Bestalde, 32 urteko gizonezko bat ospitaleko larrialdietara eraman dute, bart, erredura larriekin, San Joan gaueko su batean buruz behera erori ostean, Iruñeko Udaltzaingoak jakitera eman duenez.
Gertaera 23:30ean izan zen, bart, Udaltzaingoa bertaratzeko eskatu zuten Nafarroa etorbidearen ondoko zelaian, hilerriaren inguruan, gazte batek ezbehar bat izan zuelako, su baten barruan erori izanaren ondorio izan ziren.
Bertan 32 urteko gizon bat aurkitu zuten, lurrean eserita. Besoetan, belaunetatik behera eta abdomenean erredura handiak zituen; lekukoek azaldu dutenez, suaren gainetik salto egiten saiatu eta bertan erortzean izan ziren.
Udaltzainek ikusi zutenaren arabera, su batzuek ez zituzten beharrezko segurtasun neurriak betetzen, aparkatuta zeuden ibilgailuetatik oso gertu zeudelako, beraz, suhiltzaileek bertaratu behar izan zuten, gunea gainbegiratzera eta su batzuk itzaltzera, arriskuak ekiditeko.