Gizartea -
Migrazioa
Lifeline ontziko 230 migratzaileak Maltara iritsi dira
Europar Batasuneko zortzi herrialdek migratzaileak banatzea hitzartu ostean eman du oniritzia Maltako lehen ministroak, Joseph Muscatek.
Agentziak | Erredakzioa
Lifeline ontzia, erreskatatutako 230 bat migratzailerekin, Valletara heldu da, 19:38an, Mediterraneoan sei egun igaro ostean, herrialderen batek migratzaileak lehorreratzeko baimena emateko zain.
Migratzaileak ontziaren bizkarrean pilatu dira, Maltako hiriburura pixkanaka heltzen zen bitartean. Italiak eta Maltak migratzaile horiek hartzeari uko egin zioten.
Joseph Muscat Maltako lehen ministroak iragarri duenez, Europar Batasuneko zortzi herrialdek migratzaileak banatzea hitzartu ostean eman du oniritzia. Malta, Irlanda, Italia, Luxenburgo, Portugal, Frantzia, Belgika eta Herbehereak dira herrialde horiek.
Ontzian dauden errefuxiatuak banatzea adostu dute akordioan, baina "ez dituzte hartuko asilo eskaerarako baldintzak betetzen ez dituztenak".
Muscatek iragarri duenez, Maltako agintariek ontziak irregulartasunen bat betetzen duen ikertuko dute. Herbeheretako bandera bat darama ontziak, eta bertako Gobernuaren arabera, ez du hori eramateko baimenik.
Gainera, kapitainak, migratzaileak erreskatatzeko agindua eman zuenean, ondo jokatu zuen ikertuko dute, Italiako kostazainek, Libiakoek egingo zutela eta, ez egiteko eskatu zioten arren.
Italiako Gobernua erreskatatutako migratzaileak hartzearen kontra dago, eta GKEei migrazio irregularra sustatzea leporatzen die.