Gizartea -
Istripua Leonen
Villabonako bikote bat hil da Leonen, mozkortuta zihoan gidari batek harrapatuta
Donejakue Bidea bizikletan egiten ari ziren senar-emazteak. 12 urteko semea zaurituta dago. Gidariak ihes egin du, eta 15 kilometrora atxilotu dute. Positibo eman du alkoholemia-proban.
Agentziak | Erredakzioa
Donejakue Bidea bizikletan egiten ari zen Villabonako bikote bat hil da Leonen, mozkor zihoan gidari batek autoarekin harrapatu ostean. 12 urteko semea ere zauritu du gidariak.
Gidariak ihes egin du, eta Guardia Zibilak 15 kilometrora atxilotu du. Gizonak —Valladolidekoa— positibo eman du alkoholemia-proban. Bost aldiz gainditu du baimendutako tasa. Gainera, asegururik gabe zihoan.
Goizean izan da istripua, N-601 errepideko 293. kilometroan, Matallana de Valmadrigalen (Leon). 10:54ean deitu dute 112 larrialdietarako zerbitzura, turismo batek hiru txirrindulari harrapatu dituela eta gidariak ihes egin duela ohartarazita.
Gidaria Mansilla de las Mulasen atxilotu dute, ezbeharra gertatu den tokitik 15 bat kilometrora.
Osasun-langileak istripuaren lekuan ziurtatu dute bi helduen heriotza, eta adin txikikoa anbulantzian eraman dute Leongo Ospitalgunera.
Maite Izagirre Villabonako alkateak bere atsekabea agertu du bi heriotzengatik, eta herriko pertsona "aktiboak eta parte-hartzaileak" zirela azaldu du.
Izagirrek zehaztu du hildako emakumea Donostian jaioa zela, eta gizona, hernaniarra, baina Villabonan bizi zirela.
"Kolpe latza izan da denontzat", adierazi du Izagirrek, herria "min handian" murgildu duen gertakariaren inguruko adierazpen instituzionala prestatuko zutela jakinarazi aurretik.
Alkateak gogor gaitzetsi du gertakaria, ezin duelako ulertu "nola gerta litekeen" gidari mozkor batek oporretan zeuden bi pertsona harrapatu eta hiltzea.
Gainera, Villabonako Udalak iragarri du epaiketan herri-akusazio gisa aurkezteko asmo irmoa duela.
Bozeramaileen batzordeak onartu duen adierazpen instituzionalean "min handia" agertu eta "elkartasuna" helarazi diete biktimen senide eta lagunei.