Gizartea -

Arazoak garraioan

Bederatzi hegaldi bertan behera geratu dira Loiun denboraleagatik

Arazoak Brusela, Paris eta Dusseldorfeko aireportuetako loturetan sortu dira. Orotara, helmuga Europan zuten 75 hegaldi utzi dituzte bertan behera Estatuan.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europa jotzen ari den elur eta hotz denboralearen ondorioz bederatzi hegaldi bertan behera utzi behar izan dituzte Loiun, helmuga Bruselan, Dusseldorfen eta Mallorcan zutenak hain zuzen ere.

AENAko iturriek jakitera eman dutenez, helmuga horiek zituzten hiruna hegazkin utzi dituzte lurrean.

Gainera, Parisera doazen hegaldietan atzerapen handiak izaten ari dira elurra dela eta.

75 hegaldi bertan behera Estatu osoan

Orotara, Alemania, Belgika eta Frantziarako 75 hegaldi geratu dira bertan behera Estatuan eguraldi txarragatik, aipatu iturriek zehaztu dutenez.

Parisen elurra dela eta, Charles de Gaulle aireportutik 2.000 lagun atera dituzte. Teilatuan elur asko pilatu dela eta, teilatua jausteko arriskua ikusi dute, eta aireportuan zeuden lagunak atera dituzte. Frantziako abiazio zibiletik jakinarazi dutenez, arratsalderako aurreikusita zeuden hegaldien % 35 bertan behera gelditu dira. Hegazkin konpainiek erabaki behar dute zein hegaldi ez diren aterako, oraingoz, ibilaldi luzeko hegaldiak ari dira kentzen.

Goizean ere, hegaldien erdia, 400 bat, bertan behera gelditu dira Charles de Gaulle aireportuan. Eguraldi kaxkarragatik, eta izotza kentzeko likidorik ez dutelako hartu dute erabakia Frantzian.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea