Gizartea -
Istripua larria Leonen
Villabonako familia harrapatu zuen gidaria epailearen esku utzi dute
Bikotearen 12 urteko semea arin zauritu zen, eta osteguneko azken orduan jaso zuen senda-agiria. Gidariak positibo eman zuen alkoholemia-proban, eta segururik gabe zihoan.
eitb.eus
Donejakue Bidea bizikletan egiten ari zen Villabonako bikote bat hil zen ostegunean, Leonen, mozkor zihoan gidari batek autoarekin harrapatu ostean. 12 urteko semea ere zauritu zuen gidariak. Atxilotua epailearen esku utzi dute ostiral honetan.
Gidariak ihes egin zuen, eta Guardia Zibilak 15 kilometrora atxilotu zuen. Gizonak —kataluniarra— positibo eman zuen alkoholemia-proban. Bost aldiz gainditu zuen baimendutako tasa. Gainera, asegururik gabe zihoan.
Gidaria Mansilla de las Mulasen atxilotu zuten, ezbeharra gertatu den tokitik 15 bat kilometrora.
Osasun-langileak istripuaren lekuan ziurtatu zuten bi helduen heriotza, eta adin txikikoa anbulantzian eraman zuten Leongo Ospitalgunera. Osteguneko azken orduan jaso zuen adingabeak senda-agiria.
Villabonako Udalak ostegunean iragarri zuen epaiketan herri-akusazio gisa aurkezteko asmo irmoa duela.
Bozeramaileen batzordeak onartu zuen adierazpen instituzionalean "min handia" agertu eta "elkartasuna" helarazi diete biktimen senide eta lagunei.