Gizartea -
Istripu larria Leonen
Villabonak azken agurra emango dio gaur Leonen hil zen bikoteari
19:00etan izango da, herriko parrokian. Fidantzarik gabeko kartzela-zigorra agindu zuen epaileak familia harrapatu zuen auto-gidariarentzat.
Agentziak | Erredakzioa
Leonen hildako Villabonako senar-emazteen hileta-elizkizuna astelehen honetan izango da, 19:00etan, herriko parrokian.
Jose Carlos Alonso eta Nerea Agirre auto-gidari batek harrapatuta hil ziren asteazkenean, Orats 12 urteko semearekin batera Donejakue bidea egiten ari zirela.
Fidantzarik gabeko kartzela-zigorra agindu zuen ostiralean Sahagungo (Leon) instrukzioko lehen epaitegiko epaileak auto-gidariarentzat.
Epaileak homizidio arduragabeko bi delitu egotzi dizkio, zauri larriak eragiteagatik beste bat, eta bat gehiago laguntza ez emateagatik, bide-segurtasunaren aurkako delituaz gain.
Neurri hori azaltzen duen autoan, epaileak esan du Guardia Zibilak egindako ikerketatik ondoriozta daitekeela gidaria edanda zihoala ibilgailuan, boskoiztu egin baitzuen gehienez ere baimendutako alkohol-tasa.
"Alkoholdun edarien eraginpean zegoela eta zuhurtziagabekeriaz eta abiadura desegokian gidatu zuela pentsatzeko sintoma nabariak daude", gaineratu zuen autoan.
Txirrindulari martxa Tolosan, bikotearen omenez
Txirrindulari martxa berezia egin dute igandean Tolosan, Villabonako bikotearen omenez. Gipuzkoako txirrindulari klub guztiek eta Bizkaiko zein Arabako hainbatek hartu dute parte omenaldian.
Oriako Txirrindulari Eskolak antolatu zuen ekimena, Oratsen txirrindularitza eskolak, alegia. Istripua gertatu zenean gurasoekin zihoan, baina onik irten zen.
Omenaldia ez ezik, protesta ere izan da atzokoa, eta errepideetan txirrindulariek duten segurtasunik eza salatu dute.
500 bat pertsonak hartu dute parte Amaroz auzotik irtendako martxan, eta horien artean zeuden, besteak beste, Beñat Txoperena, Aitor Gonzalez eta Gorka Izagirre txirrindulariak. Ondoren, aurrez iragarrita zegoen kadeteen lasterketa bat egin dute Tolosan.