Gizartea -
Homofobia
Gazte batek eraso homofoboa salatu du Sestaoko jaietan
Gizonezko batek irainak egin zizkion eta jo egin zuen. Osasun zentro batera eraman zuten gaztea. Udalak erasoa gaitzetsi du eta biktimari babesa helarazi dio.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gazte batek Sestaoko jaietan eraso homofoboa pairatu duela salatu du Ertzaintzan, Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
Gertakariak igande goizaldean jazo ziren Sestaoko txosna-gunean. Gizonezko batek irainak egin zizkion eta jo egin zuen. Gaztea osasun zentro batera eraman zuten eta ondoren ertzain-etxera joan zen salaketa jartzera. Ertzaintzak ikerketa bat jarri du abian.
Bestalde Sestaoko Udalak aho batez gaitzetsi du erasoa eta biktimari babesa eta elkartasuna helarazi dizkio, baita beren sexuagatik, orientazio sexualagatik edo genero nortasungatik jazarpena edo erasoak sufritu izan dituzten pertsona orori.
Horrelako gertakariak "onartezinak" eta "oso larriak" direla adierazi du, pertsonen askatasunaren eta berdintasunaren kontrako "erasoa", printzipio eta balore demokratikoen aurkako "mehatxua".
Udalak deituta, elkarretaratzea egingo dute iluntzean eraso homofoboa salatzeko. Bilkura 20:00etan izango da, udaletxe aurrean.