Gizartea -

Eusko Jaurlaritza

'Erre gabe askoz hobe', Tabakoaren Legea azaltzeko kanpaina berria

Orotara 18.000 poster banatuko dituzte ostalaritza lokaletan eta kirol instalazio itxietan urtarrilean indarrean sartuko den Lege berriari buruz informazioa emateko.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzaren Droga Gaietako zuzendari Celina Peredak Donostian aurkeztu du Tabakoaren aurkako Lege berriaren eraginpean dauden sektoreei zuzendutako publizitate-kanpaina baten edukia. Iragan asteartean berretsi zuten Legea Madrilgo Kongresuan.

Kanpaina horren harian, sentsibilizazio-ekintza orokorra egingo dute Donostiako jatetxe, taberna eta kafetegietan.

Datorren urteko urtarrilaren 2tik aurrera, tabakoa debekatuta egongo da hainbat tokitan, besteak beste, ostalaritza-toki itxi guztietan eta kirol-instalazioetan.

Herritarrei eta aisiarako bi leku mota horietako langileei tabako-kontsumoak izango dituen murriztapen berriei buruzko informazioa emateko helburuarekin, kanpainaren barruko publizitate-materialak banatzen hasi da Enplegu eta Gizarte Gaietako Saila duela zenbait egun.

Peredak azaldutakoaren arabera, erretzea eta adingabeei tabakoa saltzea debekatuta dagoela gogorarazteko eranskailuak eta kartelak editatzea aurreikusi da kanpaina horren bitartez, material horiek tabernetan, jatetxeetan, kafetegietan eta diskoteketan ipin eta bana dezaten.

Droga-gaietako sailburuak nabarmendu duenez, "EAEko ostalaritza-zentro guztiak" hartuko ditu kanpania honek. Horretarako, lehen fasean 18.000 informazio-poster inprimatu dituzte,''Erre gabe askoz hobe'' lelopean.

Era berean, EAEko kirol-instalazio itxi guztietan ere gauzatuko da adierazitako kanpaina. Kirol-instalazio gehienak udaletakoak direnez, posterrak udaletara igorri dira eskutitz banarekin batera, "legearen betearazpenean inplikatzeko eskatuz".

Beraz, euskal pilotako, saskibaloiko eta eskubaloiko kantxa gehienak jadanik hasi dira dagozkien kartelak jasotzen.

"Pintxoetara kerik gabe"

Bestalde, bihar indarrean hasten den legearen aurrerapen gisa, kerik gabeko tokien gainean sentsibilizatzeko jomuga izango duen ekintza bat gauzatuko da Donostiako ostalaritza-lokaletan. ''Pintxoetara kerik gabe'' lelopean.

Ekintza garrantzitsuena Donostiako alde zaharrean egingo den kalejira bat izango da, pintxo eta guzti, antzerki-animazioarekin. Kalejira horren jomuga zera da, "herritarrak auzo horretako hainbat tabernatako martxa batean parte hartzera gonbidatzea; martxa horretan ez erretzera animatuko dira bertaratuak". Horretarako, pintxoak jatera gonbidatuko dituzte.

Donostiako ostalaritza-establezimendu guztiak kanpainan modu aktiboan parte hartzera gonbidatuko dira. Aldi berean, hiriko zenbait gune estrategikotan informazio-liburuxkak eta txapak banatuko dira; ostalaritza-establezimenduetan tabakoa kontsumitzea galaraztearen identifikazio-sinboloa izango dute liburuxka eta txapa horiek.

Publizitate-kanpaina horren gaineko informazio gehiago izan, gai horri buruzko legedia ezagutu edota erretzeari uzteko gomendioak jaso nahi dutenentzat, Eusko Jaurlaritzaren Droga Gaietako Zuzendaritzak web-orri bat argitaratu du herritarrentzat: www.euskadi.net/tabakoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea