Gizartea -
Sanferminak 2018
Iruñea, zapi gorria janzteko gertu
Sanferminak 12:00etan hasiko dira, Motxila 21 taldeak jaurtiko duen txupinazoarekin.
Agentziak | Erredazioa
Iruñea 2018ko sanferminetan murgiltzeko prest dago jadanik. Bederatzi eguneko festa etengabea izango da, ia 500 ekitaldiko egitarau batekin; besteak beste, entzierroak, San Ferminen omenezko prozesioa, su artifizialak, erraldoien eta buruhandien konpartsako irteerak, kontzertuak eta beste hainbat jarduera.
Sanferminak 12:00etan hasiko dira, Motxila 21 taldeak jaurtiko duen txupinazoarekin. Downen Sindromeko Nafarroako Elkartearen musika taldea herri bozketan aukeratu zuten iruindarrek. Konkretuki, suziriaren metxari su emateko ardura Ibai Ganuzak eta Leire Zabalzak izango dute. Urtero bezala, txupinazoa zuzenean jarraitu ahalko da eitb.eus-en eta ETB-1en.
Txupinazoak Iruñeko zeruan eztanda egin ondoren, jai giroak hiriko kaleak hartuko ditu. Milaka pertsonak hiriburuko bazter guztiak hartuko dituzte, zuri-gorriz jantzita.
Sexu-erasoen aurkako borroka
Aurten ere, Iruñeak sexu-erasoen aurka borroka egingo du. Horretarako, 'Iruña, sexu-erasoetatik libre' estrategia martxan jarri du. Informazio puntu bat izango du kanpainak Gazteluko plazan. Udalak esku gorria mantenduko du, emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako ikur bezala.
Gainera, telefono mugikorrentzako doako aplikazio bat martxan jarri dute ('EraStop'). Eraso baten biktimak diren pertsona erabiltzaileek larrialdi botoi bat izango dute, Udaltzaingoari abisua emateko. Udaltzainak geolokalizazio bidez bertaratuko dira.
Era berean, eraso baten lekuko den edozein pertsonak mugikorraren bitartez salatu ahal izango du aplikazioarekin. Bestalde, agendako edozein kontaktuk pertsona bat ‘birtualki’ etxera arte laguntzeko aukera ematen du aplikazioak.
Sanferminek 1,3 milioi euroko aurrekontua dute aurten, iaz baino % 6 gehiago.