Gizartea -
Gertaera
25.000 litroko olito-depositu bat erre da enpresa batean, Gasteizen
Ez da inor zauritu, baina kalte materialak izan dira, eta ke zutabe lodi bat egon da gunean. Suhiltzaileek ordu erdi baino zertxobait gehiagon lortu dute sua itzaltzea.
Agentziak | Erredakzioa
25.000 litroko olio-depositu bat erre da larunbat honetan, altzairuei tratamendu termikoa ematen dien enpresa batean, Gasteizen (Araba), Jundizko industrialdean. Ez da inor zauritu, baina kalte materialak izan dira, eta ke zutabe lodi bat egon da gunean.
Sutea 12:30ean piztu da, eta suhiltzaileak, ertzainak eta udaltzainak bertaratu dira, baita osasun zerbitzuak ere, Ertzaintzako bozeramaile batek jakitera eman duenez.
Gasteizko suhiltzaileen agintari batek azaldu duenez, sutea ustekabean gertatu da; piezak epeltzeko enpresak erabiltzen duen 25.000 litroko olio-deposituak su hartu du. Kalteak deposituan bertan eta tratatzen ari ziren piezetan izan dira.
Gasteizko suhiltzaileek, Nanclares Okako parketik mugitutako lankideek lagunduta, sua ordu erdi baino zertxobait gehiagon kontrolatzea eta itzaltzea lortu dute.
Sutearen aurrean, aurreikusitako protokoloa aktibatu dute, eta une horretan fabrikan zeuden langileak bertatik irten dira, inor zauritu gabe, Udaleko iturriek berretsi dutenez.