Publizitatea
X

Irratia zuzenean

Jose Maria Setien Donostiako gotzain emeritua hil da 2018ko uztailaren 10ean

Gizartea

Heriotza

Jose Maria Setien Donostiako gotzain emeritua hil da

EiTB.EUS

2018/07/10

Iktusa izan zuen igandean, eta bart zendu da Donostia Ospitalean. Hileta asteazkenean egingo dute Donostiako Artzain Onaren katedralean.

  • Setien, EFEren artxiboko irudi batean.

    Setien, EFEren artxiboko irudi batean.

    Setien, EFEren artxiboko irudi batean.
  • Whatsapp
  • Bidali

Jose Maria Setien Donostiako gotzain emeritua hil da bart Donostia Ospitalean igandean izandako iktusaren ondorio larriak ezin gaindituta.

Setien "oso larri" eraman zuten igandean erietxera, eta Zainketa Intentsiboen Unitatean egon da ordudanik.

Gotzaindegiak ohar batean jakinarazi duenez, gaur bertan zabalduko dute hil kapera, 14:00etan. Donostiako Artzain Onaren katedralean paratuko dute, eta nahi dutenek 20:00ak arte bisitatu ahalko dute. Asteazkenean, 08:00etatik 12:00etara egongo da zabalik.

Hileta eguerdian egingo dute, asteazkenarekin, Donostiako katedralean, eta Munillak emango du meza.

Elizkizunen ostean, Setienen gorpua katedraleko presbiterioan ehortziko dute, "berak hala eskatuta". Katedralean dagoen Donostiako laugarren gotzaina izango da Setien.

Ikasketak eta apaizgoa

Jose Maria Setien Alberro Hernanin jaio zen 1928an. Eliz ikasketak Gasteizko Seminarioan eta Erromako Gregoriana Unibertsitatean egin zituen. Han lortu zituen Teologiako lizentziatura eta Zuzenbide Kanonikoan doktoretza.

1951n apaiztu zen. Gero, 1955ean, Teologia Moraleko irakasle izendatu zuten Gasteizko Seminarioan. 1960tik aurrera, Salamancako Eliz Unibertsitateko irakasle izan zen, bai Zuzenbide Kanonikoko Fakultatean bai Teologiakoan, eta azken fakultate horretako dekano ere izan zen.

jose maria setien efe

Gotzain emeritua, EFEren beste artxiboko argazki batean.

Ia 30 urte Donostiako Gotzaindegiaren buru

Espiritu-bizitzako zuzendari izan zen Gasteizko Seminarioan, eta Salamancako 'Salbatore' bokaziodun helduen ikastetxeko arduradun gisa ere jardun zuen. Ondoren, Pastoraltzarako bikario nagusi izendatu zuten, aldi batez, Santanderko elizbarrutian.

1972an Zama Minorko gotzain nagusi eta Donostiako elizbarrutiko gotzain laguntzaile izendatua izan zen. Urte berean, karguan haren aurrekoak, Jazinto Argaiak, gotzain sagaratu zuen.

1979tik 2000. urtera arte izan zen Donostiako gotzain. Juan Maria Uriartek hartu zion lekukoa, eta 2010ean, Jose Ignacio Munilla gaur egungo prelatuak.

SETIEN URIARTE ORDENACION OBISPADO

Setien, Uriarte gotzain egin zeneko elizkizunean. Gipuzkoako Gotzaingoak bidalitako argazkia

2003an Gipuzkoako Urrezko domina eman zion Foru Aldundiak, "giza-egiaren eta gizabidearen zerbitzuan egindako lanarengatik".

Politikagintzan ere arrastoa utzi zuen Setienek. Gaur asko izan dira bere ibilbideari buruz mintzatu direnak, besteak beste, Iñigo Urkullu lehendakaria, Maddalen Iriarte EH Bilduko legebiltzarkidea edota Alfonso Alonso Euskadiko PPko burua.

Hainbat liburu idatzi zituen, besteak beste, "Un obispo vasco ante ETA" (Gotzain bat ETAren aurrean), "Laicidad del Estado e Iglesia" (Estatuaren Laikotasuna eta Eliza), "De la Etica y el Nacionalismo" (Etikari eta Nazionalismoari buruz), "Cartas a las comunidades contemplativas" (Komunitate kontenplatiboei gutunak) edota "Conversaciones con Eugenio Ibarzabal, Erein" (Erein Eugenio Ibarzabalekin elkarrizketak). Beste idatzien artean aipatzekoak dira "Naturaleza de las Ideologias modernas y dignidad de la persona humana" (Ideologia modernoen eta gizakien duintasunaren natura) eta "Krisi etikoa gainditzeko oinarrizko printzipioak".

Heriotzaren harira, Setien, hitzen boterea dokumentala eskainiko dute gaur gauean, 22:30etik aurrera, ETB1ek eta eitb.eus-ek.

Iruzkinak

Publizitatea
  • Publizitatea
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN
    Erreportajeak Aktualitateari buruzko elkarrizketak. Erreportajeak
    Publizitatea
    Publizitatea

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
          Kargatzen ikusiena