Gizartea -
Erakunde arteko bilera
Donostiako Gurutze Gorriak igarobidean dauden migratzaileak hartuko ditu
Gipuzkoako Foru Aldundiak, lurraldeko udalek eta Gurutze Gorriak akordioa adostu dute, “laguntza humanitarioaren beharrari berehalako erantzun bat emateko”.
Agentziak | Erredakzioa
Donostiako Gurutze Gorriaren instalazioak atonduko dituzte, ostegun honetatik aurrera igarobidean dauden migratzaileak aldi baterako hartzeko, behin betiko aterpetxe bat aurkitu bitartean.
Gipuzkoako Foru Aldundiak, lurraldeko udalek eta Gurutze Gorriak akordioa adostu dute, “laguntza humanitarioaren beharrari berehalako erantzun bat emateko”, erakunde horiek agiri batean jakitera eman dutenez.
Gipuzkoatik beste herrialde batzuetara bidean, udan, helduko diren migratzaileak nola artatu aztertzeko erakunde arteko bilera egin dute.
Maite Peña Gizarte Politikarako diputatuak azaldu duenez, Gurutze Gorriaren baliabidearekin “bi edo hiru egunerako bainugela, janaria eta ohea” eskainiko diete migratzaileei. 25 pertsona hartzeko gaitasuna izango du, eta Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta Donostiako eta Irungo udalek finantzatuko dute.
“Iragankortasun eta larrialdi egoera horretan laguntza humanitarioa eskaintzean datza. Kasu gehienetan, behar dituzten gauza bakarrak telefono mugikorrak kargatzeko puntu bat eta wifi sareak dira, zain dituzten senideei edo lagunei euren kokapenaren berri emateko eta noiz helduko diren esateko”, zehaztu duenez.
Oraingoz igarobidean zeuden 150 migratzaile heldu dira Gipuzkoara udan, eta 581 Euskadi osora. 150 migratzaile horietatik 46k soilik eman dute gaua Gipuzkoan.
“% 5ek bakarrik bi gau baino gehiago igaro dituzte”, esan erantsi diputatuak. Igarobidean dauden migratzaileei “laguntza humanitarioa” emateko protokoloa adosteko orduan “erakunde arteko lankidetza ona” azpimarratu du Peñak.