Gizartea -
Indarkeria matxista
Emakume gazte bati sexu-erasoa egin diote Zumarragan
Herriko bi mutilek lagundu zioten biktimari. Erasoa Zumarragako landa-eremu batean jazo zen.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Zumarragako Udalak gaitzetsi egin dute udalerri horretan emakume gazte batek joan den astean jasan zuen sexu-erasoa.
Gertakariak uztailaren 7an, goizean, jazo ziren, Zumarragako landa-eremu batean. Neska lo-zaku batean zegoela, 40 urteko gizonezko batek ukituak egin zizkion. Herriko bi mutilek lagundu zioten biktimari. Antza, auto-stop eginda iritsi zen Zumarragara.
Astelehenean epaiketa azkarra egin zuten eta erasotzaileari jazarpen arina eta neska beldurrarazi izana egotzi diote.
Zumarragako Udalak adierazpen instituzionala onartu du gaur alderdi politiko guztien babesarekin, gertatutakoa gaitzesteko eta indarkeria mota guztien kontrako konpromisoa eta biolentzia desagerrarazteko neurriak hartzeko borondatea agertzeko.
Biktimari babesa helarazi diote eta hari lagundu zioten bi mutilen jarrera goraipatu dute, "erakutsitako elkartasunagatik".
Indarkeria matxista desagerrarazteko planak eta programak gauzatzen jarraituko du Udalak, baina, aldi berean, ezinbestekotzat jo du "adin guztietako gizon eta emakume guztien inplikazioa". Ildo horretan, erasoak ekiditeko "jarrera aktiboa" ager dezatela eskatu die herritarrei.
Gipuzkoako Foru Aldundiak ere bere egin du Zumarragako Udalaren adierazpena eta sexu-erasoa gaitzetsi du.
_________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.