Gizartea -

Sanferminetan saltzeko prest

Txarto etiketatutako edo egoera txarrean zeuden 5.000 kilo jaki konfiskatu dituzte

Iruñerriko industria nabe batean etiketatze araudia betetzen ez zuten 4.000 kilo elikagai atzeman ditu Guardia Zibilak. Lesakan, egoera txarrean zeuden 300 kilo haragi eta 150 oilasko topatu dituzte.

Agente bat industriagune batean atzemandako janariarekin. Argazkia: Guardia Zibila
Sanferminetan saltzekoak ziren 5.000 kilo elikagai atxiki dituzte. Guardia Zibila
Agente bat industriagune batean atzemandako janariarekin. Argazkia: Guardia Zibila

Agentzia | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

San Fermin jaietan salduko diren elikagaiak kontrolatzeko operazio berezia egin ohi du Guardia Zibilak. Aurten, 5.000 kilo jaki konfiskatu ditu, etiketatze araudia ez betetzeagatik edo egoera txarrean egoteagatik.

Konfiskatutako produktuen artean denetarik zegoen, hala nola, oliba olia, datilak, kuskusa, oilaskoak, solomoa, pernila, txistorra, gazta, mamia eta edariak.

Bi operazio egin ditu Guardia Zibilak egunotan. Uztailaren 2an egindako batean 4.000 kilo elikagai atzeman zituzten Iruñerriko industria nabe batean. Etiketatze araudia urratzen zuten denek. Enpresak jangaiak inportatzen ditu, gero saltoki eta jatetxe txikiei saltzeko.

Nabean honakoak topatu zituzten: 1.538 litro olio, 2.130 kilo datil, 640 kilo kuskus, 192 litro marrubizko freskagarri, eta 34 litro arrosa usaina duen ura.

Lesakan egindako bigarren operazio batean egoera txarrean zeuden elikagaiak zeramatzaten bi kamioi atzeman zituzten agenteek.

Ibilgailuetako batean 300 kilo janari topatu zituzten (txistorrak, txorizoak, solomoa, pernila, york urdaiazpiko, hirugiharra, kebab haragia, gazta, mamia, oilasko bularkiak, odolosteak eta saltsa ugari). Bigarren kamioian, 150 oilasko zeuden, 300 bat kilo, guztira.

Elikagaiak konfiskatu ondoren, gidarien kontrako salaketa jarri zuten agenteek elikagaien segurtasunari buruzko legea urratzeagatik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñeko argazkiak Gaurko albisteak Nafarroan Sanferminak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak