Gizartea -
Transfobia
Adingabe transgenero bati kamisetarekin bainatzea galarazi diote Gesaltza Añanan
Adingabeari elkartasuna adierazteko, 60 bat neska-mutilek kamiseta jantzita egin zuten salto igerilekura. Sorosleak guztiak kanporatu zituen.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
LGTBI kolektiboko pertsonen eskubideak babesten dituen Lumagorri elkarteak salatu duenez, adingabe transgenero bati kamiseta jantzita bainua hartzea galarazi zion atzo sorosle batek Gesaltza Añanako igerilekuan.
Lagunari elkartasuna adierazteko, 60 bat neska-mutilek kamiseta soinean zutela egin zuten salto uretara eta sorosleak guztiak kanporatu zituen. Arabako Foru Aldundiak antolatzen dituen 'Gazterock' kolonietan parte hartzen ari diren gazteak dira denak.
Ume horien senideek zenbait komunikabidetan azaldu dutenez, adingabea genero aldaketa prozesuan murgilduta dago eta kamiseta gabe bainua hartzeak lotsa ematen zion.
"Horrelako gertakariak onartezinak dira eta are larriagoa da gune publiko batean jazo izana eta tartean zerbitzu publikoa emateko kontratatua izan den sorosle bat egotea", kritikatu du.
Bestalde, adingabe horren lagunek izandako jarrera goraipatu du Lumagorri elkarteak, "eredugarria" izan zela azpimarratuta.
Amaitzeko, giza eskubideen eta pertsonen duintasunaren kontrako eraso guztiak salatzeko deia egin diote gizarteari.