Gizartea -
Ekainaren 29ko greban
Bi ertzain ezgaitzea eskatu du ESK-k ustezko eraso bat egotzita
Bi agenteen aurkako epaiketa hurrengo astelehenean izango da Gasteizen. Auzitara eraman dituen ordezkariak inputatu gisa deklaratu beharko du Ertzaintzak haren aurkako salaketa aurkeztu duelako.
Erredakzioa
Bi ertzain gaitasun gabetzea eskatuko duela iragarri du ESK-k, ekainaren 29ko greba orokorrean sindikatuko ordezkari sindikal bati eraso egiteagatik.
Bi agenteak auzitara eraman dituen Kepa Txintxurretak jakinarazi duenez, epaiketa hurrengo astelehenean izango da, 13:00ean, Arabako hiriburuko Justizia Jauregian. Ustezko erasoaren ondorioz, hamabost egun bajan egon zen eta horri dagokion dirua eskatuko du ordainetan.
Ordezkari sindikalak inputatu gisa deklaratu beharko du Ertzaintzak haren aurkako salaketa aurkeztu duelako; agente bati bularrean ukabilkada bat ematea eta iraintzea leporatzen diote.
Epaituko duten gertaera ekainaren 29ko greba orokorrean jazo zen Arabako hiriburuan. ESK-ren arabera, Ertzaintzako bi agenteek "era basatian" eraso egin zioten ordezkari sindikalari Corte Inglesaren aurrez aurre.