Gizartea -
BIZKAIA
Gazte batek Euskotreneko langile bati eraso egin dio Lemoako geltokian
Euskotreneko batzordeak elkarretaratzea deitu du asteazken eguerdian Bilboko Zazpikaleak geltokian, erasoa gaitzesteko.
AGENTZIA | ERREDAKZIOA
Euskotreneko enpresa batzordeak langile batek joan den larunbatean Lemoako geltokian jasandakoa erasoa salatu du gaur. Gazte batek ukabilkada bat eman zion langileari, txartela ordaindu gabe bidaiatzea aurpegiratu zionean.
ELA sindikatuko iturrien esanetan, erasoa larunbat arratsaldean gertatu zen. Antza denez, bidaia txartela balioztatzeko makinaren gainetik jauzi egin zuen gazteak eta langileak kargu hartu zion.
Orduan, gazteak ukabilkada batekin erantzun zion. Langileak dentistarengana joan behar izan zuen eragindako lesioak artatzeko.
Bestalde, Euskotreneko enpresa batzordeak elkarretaratzea deitu du bihar eguerdirako Bilboko Zazpikaleak geltokian, erasoa gaitzesteko. Batzordearen hitzetan, "onartezina" da beren lana egiteagatik beharginek "irainak eta mehatxuak entzutea eta, kasu honetan bezala, erasoen biktima izatea".