Gizartea -
Rankinga
Donostia, Estatuan bizitzeko bigarren hiribururik garestiena
Gasteiz eta Bilbo 6. eta 19. postuan daude, Kelisto.es webguneak egindako indizearen arabera. Bartzelona dago zerrendaburu, bizi-kostua batezbesteko nazionala baino % 35,5 altuagoa delako.
Agentziak | Erredakzioa
Donostia Estatuko bigarren hiribururik garestiena da bizitzeko, eta Gasteiz eta Bilbo 6. eta 19. postuan daude, Kelisto.es webguneak egindako indizearen arabera. Produktu eta zerbitzu berberak izateko kontsumitzaileek zenbat ordaindu behar duten aztertzen du hiriburuetan.
Modu honetan, Bartzelonan bizitzaren kostua batezbesteko nazionala baino % 35,5 altuagoa da, Estatuko hiribururik garestiena izanik. Donostiak (% 29,9 gehiago batez bestekotik) eta Madrilek (% 25,22 gehiago batez bestekotik) jarraitzen dute.
Txostena egiteko, bost kategoriatako 14 produktu eta zerbitzuri buruzko zifrak aztertu dituzte: etxebizitza (erosketa eta alokairua), zergak (IBIa, zirkulazio zerga eta zaborren tasa), garraio publikoa eta pribatua (autobuseko ohiko txartelaren eta 10eko bonoen prezioa, taxiena eta gasolinarena), erosketa (erosketa-saskia, ogi-barra baten eta esne litro baten kostua) eta aisialdia (zinema sarrera baten eta zerbeza baten kostua).
Etxebizitza
Etxebizitzari dagokionez, Donostia, Bartzelona eta Madril etxe bat erosteko hiribururik garestienak dira. Hiri horietan, 80 metro karratuko pisu batek 282.000 eta 371.000 euro balio ditu batez beste; Estatuan, batezbestekoa 144.432 euroan dago. Bilbo da laugarren hiria, batez beste 243.888 euro balio baititu; Gasteiz seigarren postuan dago, 179.000 eurorekin.
Higiezinen kategorian, IBIa 88,96 euroan dago batez beste Estatuan. Euskadiko hiru hiriburuak zerrendako azken postuetan daude.
Garraioa
Garraioaren arloan, batez beste, 10 bidaiako autobus bono batek 7,36 euro balio ditu. Donostia seigarren hiribururik garestiena da; Bilbo eta Gasteiz 21. eta 26. postuan daude.
Erosketa-saskia
Erosketa-saskia betetzeak urtean 4.480,63 euroko kostua du batez beste. Las Palmasen, hiribururik garestienean, 4.770,72 euro balio ditu (batezbestekoa baino % 6,47 gehiago). Donostia (4.571 euro) eta Bilbo (4.557 euro) ere ohikotik gorago daude. Gasteizen, aldiz, 4.463 euroko kostua du (% 0,39 gutxiago).