Gizartea -
Atxiloketa
Atxilotu egin dute Gasteizen emakume bat hil eta ihes egin zuen presoa, Senegalen
Polizia atzo ohartu zen susmagarria Senegalen izan zitekeela, Mauritanian dagoen legez kanpoko bide batetik igaro ostean, eta gaur bertan atxilotu dute. Bortxaketa eta hilketagatik zigortu zuten.
Agentziak | Erredakzioa
Astebeteko kartzela-baimen baten ostean El Duesoko espetxera (Santoña, Kantabria) bueltatu ez zen presoa atxilotu dute astelehen honetan, Senegalen, Estatuko segurtasun indarrek baieztatu dutenez. Guillermo Fernandez Buenok pasaporte faltsua zeraman gainean.
Espainiako Poliziak jakitera eman duenez, Senegalgo Poliziarekin batera aurrera eraman duten polizia-operazio batean atxilotu dute gizona. Polizia atzo ohartu zen susmagarria bertan izan zitekeela, Mauritanian dagoen legez kanpoko bide batetik igaro ostean, eta astelehen honetan bertan atxilotu dute, bere bikotekidearekin batera. Bortxaketa eta hilketagatik zigortu zuten.
Gizonaren deskribapen fisikoa bat zetorren Guillermo Fernandez presoarenarekin, baina gainean pasaporte faltsua zeramanez, hatz markei esker identifikatu dute atxilotutako susmagarria bera zela. Iturri polizialek jakinarazi dutenez, kartzela-baimen batean ihes egin zuen presoa bere neska-lagunarekin zegoen atxilotu duten unean.
Guillermo Fernandez Bueno joan den uztailaren 22an desagertu zen, astebeteko kartzela-baimen baten ostean espetxera itzuli behar zen egunean. Kantabriatik bere bikotekidearekin batera egin zuen ihes.
2000ko abenduaren 4an, Gasteizko kafetegi bateko garbitzaile bat bortxatu eta hiltzea leporatuta 26 urte eta sei hilabeteko kartzela-zigorra ezarri zion epaileak 2001. urtean.
2012tik kartzelatik irteteko baimenak eman dizkiote hainbatetan Fernandezi, baina behin baino gehiagotan hirugarren gradua ukatu diote.
Azken urteotan, presoei zuzendutako gizarteratze proiektuetan parte hartu du Fernandezek