Gizartea -

Estatuan aurrenekoz

Nafarroan lapurtutako haurtxo baten inguruko ikerketa abiatu du NBEk

Ustezko lapurreta Iruñeko klinika batean gertatu zen, 1985ean. Espainiako auzitegiek auzia artxibatu zuten..

Artxiboko argazkia: EFE
Artxiboko argazkia: EFE
Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainian aurrenekoz lapurtutako umetxo baten inguruko ikerketa prozedura indibiduala martxan jarri du Giza Eskubideen aldeko Nazio Batuen goi-komisarioak. Nafarroako senar-emazte batek kexa aurkeztu zuen 2017an, jaiotzean semea ustez lapurtu zietelako, 1985ean.

Enrique Vila abokatuak gogorarazi duenez, Espainiako auzitegiek auzia artxibatu zuten, nahiz eta Ministerio Fiskala “ikerketa ixtearen aurka agertu, eta froga gehiago eskatu, senar-emazteen helegiteekin bat eginez”.

NBEko Haurren Eskubideen Batzordearen aurrean, Genevako egoitzan, kexa aurkeztu zuten senar-emazteek, Iruñeko klinika batean ustez gertatutako lapurretagatik. “Espainiako auzitegiek gutxieneko ikerketa bat egitea baztertu zuten, Iruñeko Instrukzio-epaitegi baten aurrean senar-emazteek salaketa 2015ean aurkeztu ondoren”, Vilak zehaztu duenez.

Valentziako abokatuak azaldu duenez, “Instrukzio-epaitegiak zein Nafarroako Lurralde-auzitegiak ikerketa penala artxibatzea erabaki zuten, nahiz eta salatzaileek eta Ministerio Fiskalak eskatutako gutxieneko frogak aurrera ez eraman”.

“Ulertezina badirudi ere, Auzitegi Konstituzionalak babes-helegitea atzera bota zuen, eskubiderik urratu ez zela argudiatuta, nahiz eta Espainiako auzitegien ikerketa falta begi-bistakoa izan”, erantsi du Vilak.

Egoera ikusita, Nazio Batuen Erakundeko Haurren Eskubideen Batzordeak esku hartzea eskatu zuten. Nazioarteko erakundeak, Giza Eskubideen aldeko Nazio Batuen goi-komisarioaren bidez, kexa onartu eta Estatuaren aurkako lehen ikerketa prozesua zabaldu du.

Vilaren ahotan, Estatuari sei hilabeteko epea eman zioten, ikerketa faltaren defentsa argudiatzeko, baina “honezkero epea agortu da, Espainiak inolako erantzunik eman barik”.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Nafarroa NBE Gizartea Albisteak Umeak