Gizartea -
San Jurgiren eskultura
Lizarrako San Jurgiren eskulturaren egoera 'atzeraezina' dela dio txosten batek
"Gaur egungo egoera kontuan izanda, eskultura horrek balio historikoa berreskuratu dezake, baina ezinezkoa izango da hasierako egoerara ekartzea", dio txostenak.
Agentziak | Erredakzioa
Lizarrako San Migel elizan (Nafarroa) dagoen XVI. mendeko San Jurgiren eskulturan egindako zaharberritze lanek "atzeraezinak" diren ondorioak utzi dituzte figura horretan. Hala, polemika handia sortu duen errestaurazio horren harira, Nafarroako Gobernuak informazio guztia igorri dio Nafarroako Fiskaltza Nagusiari, ikerketa penalarekin jarraitzeko.
Espainiako Zaharberritzaileen Elkarteak (ACRE) zaharberritze lan horretaz arduratu zen Lizarrako Karmacolor enpresaren kontrako salaketa jarri zuen. Txostenaren arabera, langileek ez zuten tailuaren irudi originala errespetatu, eta XVI. mendeko irudiaren errestaurazioa egiterakoan ez zituzten objektu historikoen kasuan jarraitu beharreko teknikak errespetatu. Ondorioz, San Jurgiren eskulturari polikromia bezalako osagaiak aldatu dizkiote.
Nafarroako Fiskaltza Nagusiak egindako eskaerari erantzunez, Ondare Historikoaren Zerbitzuak egindako txostenean, XVI. mendeko eskulturaren egoeraren berri eman dute. Nafarroako Gobernuak ohar baten bidez jakitera eman duenez, errestaurazioan erabili dituzten teknikak direla eta, eskulturaren egoera "atzeraezina" dela ondorioztatzen da.
Nafarroako Gobernuak azaldu duenez, Lizarrako Karmacolor enpresari ezarri ahal dizkioten zigor posibleak aztertzen ari dira, gertatutakoa argitzeko Ministerio Publikoak ikerketa abiatu baitu.
Bitartean, adituek figura horren azterketarekin jarraitzen dute, zaharberritze lan horren ostean San Jurgiren eskultura hasierako egoerara ekartzea posible ote den argitzeko eta errestaurazio horrek izango lukeen balioa zehazteko.
Lehen datuen arabera, "linazi-olioaren erabilerak eta polikromia bezalako osagaiek garrantzia handiko irudi horren egurrean eragindako aldaketak direla eta, ezinezkoa izango da bere osotasunean hasierako egoerara ekartzea".
"Gaur egungo egoera kontuan izanda, eskultura horrek balio historikoa berreskuratu dezake, baina ezinezkoa izango da hasierako egoerara ekartzea, erabilitako teknika batzuek konponezinak diren ondorioak eragin dituztelako", dio txostenak.
Kultura sailak Fiskaltzari igorri dio eskatutako informazioa
Bestalde, ikerketa penala martxan jartzeko Nafarroako Fiskaltza Nagusiak eskatutako informazioa igorri dutela azaldu du Dori Lopez Jurio Nafarroako Gobernuko Kultura arloko zuzendari nagusiak.
San Jurgiren eskultura 1500. urtean egin zuten. Intxaurrondo egurrez egindako irudia Nafarroako ondare historikoen artean dago, eta 250 kg ditu.