Gizartea -
Abuztuak 11
Zezenketen aurkako manifestazioa deitu dute Aste Nagusirako Donostian
Manifestazioa abuztuaren 11n egingo dute, jaien eta Ilunbeko zezen-plazako feriaren hasierako egunean.
Agentziak | Erredakzioa
Donostia Antitaurina Orain, Eguzki eta Askekintza kolektiboek zezenketen aurkako manifestazioa deitu dute Aste Nagusirako Donostian.
Manifestazioa abuztuaren 11n egingo dute, jaien eta Ilunbeko zezen-plazako feriaren hasierako egunean. Ostegun honetan aurkeztu dute protesta antolatzaileek.
Ilunbeko zezenketen “sarraskia joko politikoaren menpe” egotea “lotsagarria” dela salatu dute deitzaileek agiri batean; izan ere, “ez da egia zezenketak ekimen pribatuaren emaitza direnik, udal gobernuaren babesik gabe iraganeko kontua izango lirateke aspalditik”.
“Zezenek aske eta bakean bizi nahi dute, gizakiek bezalaxe. Gure pribilegioei helduta, animaliak esplotatzea onartezina da. Gure etekinerako eta dibertsiorako, oinarrizko interesak urratzeko eskubiderik ez dugu”, azaldu dute antolatzaileek.