Gizartea -

Bizkaia

Sarna-agerraldi berria atzeman dute Barakaldon, Sanitasen zahar-egoitzan

Zortzi pertsona gaixotu dira, horietako bi tratamendua jasotzen ari dira eta gainerakoak isolatuta daude. Antza, maiatzeko agerraldiarekin lotuta dago.

Sanitasek barakaldon duen egoitza. EITBren bideo batetik hartutako irudia
Sanitasek barakaldon duen egoitza
Zortzi sarna kasu atzeman dituzte Barakaldoko zahar-etxe batean

2:01

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hazteri edo sarna agerraldi berri bat atzeman dute Barakaldon, Sanitasen zahar-egoitzan. Zortzi pertsona gaixotu dira; horietatik bi tratamendua jasotzen ari dira eta gainerakoak isolatuta daude, beste inor kutsatzea saihesteko. Oso erraz kutsatzen den gaixotasuna da, akaro batek sortzen du eta sintoma nagusia hazkura da.

Sanitasek Europa Press albiste-agentziari jakinarazi dionez, kasu honek lotura omen du maiatzean atzemandako agerraldiarekin. Orduan lau pertsona kutsatu ziren, bi egoiliar eta bi langile, eta tratamendu berezia egin behar izan zuten gaitza atzeman zuten egoitzan. Gaixotasuna azaleratu arte, ez da sintomarik nabaritzen, kutsatuta egon arren, eta litekeena da pertsona batek oharkabean kutsatu izana.

Egoitza horren arduradunak harremanetan jarri dira jada Osasun Sailarekin, eta egoitzako pertsona guztiei emango diete tratamendua, bai langileei (175 pertsona), bai erabiltzaileei (206 adineko), krema edo pilula bat emanda.

Gainera, 60 gradutan garbituko dituzte egoitzako arropak eta ohetarako oihalak. Halaber, eraikina desinfektatu egingo dute berriro, pertsona gehiago ez kutsatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Barakaldo Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Adinekoentzako egoitzak