Gizartea -
Araba
Kloro ihes bat gertatu da Aguraingo igerilekuan, eta 20 bainulariri eragin die
Hiru pertsonak oxigenoa behar izan dute, eta bi adingabe Txagorritxu Ospitalera eraman dituzte. Antza denez, igerilekuko ur bulkadaren botilak arazoren bat izan du, eta horrek kloro ihesa eragin du.
Agentziak | Erredakzioa
Aguraingo (Araba) igerilekuan kloro ihes bat gertatu da, eta 20 bainulariri eragin die. Gehienek sintoma arinak dituzte, baina horietako hiruk oxigenoa behar izan dute eta bi adingabe Gasteizko Txagorritxu Ospitalera eraman dituzte.
Segurtasun Sailak eta Arabako Foru Aldundiko suhiltzaileek jakitera eman dutenez, 16:00ak aldera zenbait pertsona igerilekuan zeuden, beroari aurre egin nahian (30 gradutik gorako tenperatura izan dute bertan). Bat-batean, eztulka hasi dira, eta ondoezik jarri dira.
Uretan zerbait gertatzen ari zela pentsatuta, sorosleek igerilekutik ateratzeko eskatu diete bainulariei, eta igerilekua hustu eta itxi dute, ondoren.
Kloro ihesak 20 pertsonari eragin die; gehienak herriko anbulatorioan artatu dituzte, baina bi adingabe Txagorritxura eramatea erabaki dute osasun-zerbitzuek. Gainera, hiru bainularik arnasa hartzeko arazoak zituzten, eta oxigenoa eman diete.
Ura ponpatzeko gailu batek arazoren bat izan duela eta horrek kloro ihesa eragin duela zehaztu dute Arabako suhiltzaileek. Mantentze-lanen enpresa arduradunak ostiral honetan konponduko du matxura.