Gizartea -
Istripua
Gizon bat larri zauritu dute Iruñean, auto batek espaloian zegoela harrapatuta
Espaloian zegoen gizona harrapatu ondoren, gidariak ihes egin du, baina berehala atxilotu dute; positibo eman du alkoholemia proban.
Agentziak | Erredakzioa
51 urteko gizon bat larri zauritu dute Iruñean, espaloian autobusaren zain zegoela auto batek harrapatuta. Gidariak ihes egin du, baina berehala atxilotu dute; positibo eman du alkoholemia proban.
Bart, igande iluntzean, 23:50ean, auto bat espaloira igo da Iruñean, Magdalena kalean, eta autobus-geltokian emaztearekin eta alabarekin autobusaren zain zegoen gizon bat harrapatu du. Larri zauritu du.
Gizona harrapatu ondoren, autoak ihes egin du bertatik, baina berehala aurkitu dute handik gertu, herritarren laguntzari esker.
Gidaria 51 urteko emakume bat da. Lau delitu leporatzen dizkiote: alkoholdun edarien eraginpean gidatzea, ausarkeriaz gidatzea, lesioak eragitea eta sorospen-eginbeharra ez betetzea.
Udaltzaingoak ikerketa abiatu du, gertatutakoa argitzeko, eta gizona Nafarroako Ospitalgunean dago.
Istripu gehiago
Iruñean, hamaika trafiko istripu egon dira asteburuan, eta hori izan da larriena.
Beste batean, auto bat bidetik atera da, eta eskuineko kanalean sartuta geratu da. Gidariak 23 urte ditu, eta positibo eman du alkoholemia proban. Hala ere, ez da inor zauritu.