Gizartea -

Iruñean

Sanduzelaiko hilketaren ustezko egileak polizia-etxean jarraitzen du

Ustezko hiltzailea 38 urteko gizon bat da, eraikineko bizilaguna, eta hildakoa horren bikotekidearen aita da. Heriotza ez zuten su-arma baten tiroek eragin.

Eraikina sokaz inguratu zuen Espainiako Poliziak / EFE.
Eraikina sokaz inguratu zuen Espainiako Poliziak / EFE.
Sanduzelaiko ustezko egileak atxilotuta jarraitzen du

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iruñeko Sanduzelai auzoko hilketaren ustezko egileak polizia-etxean jarraitzen du, guardiako epailearen aurrean deklaratzeko zain.

Igande arratsaldean, Santa Bizenta Maria kalean dagoen eraikin bateko bizilagun batek poliziari deitu zion, garajean gizon baten gorpua topatu ostean.

Espainiako Gobernuak Nafarroan daukan Ordezkaritzako iturrien arabera, gorpuak golpe bat edo gehiago zituen, eta heriotza ez zuten su-arma baten tiroek eragin, hasiera batean esan zen bezala.

Ustezko hiltzailea 38 urteko gizon bat da, eraikineko bizilaguna, eta hildakoa haren bikotekidearen aita da. Ustez, eztabaida baten ostean hil zuen.

Gaztea etxebizitzan gotortu zen. Bost orduz egon zen bertan, bakarrik. Espainiako Polizia negoziazio bidez saiatu zen bertatik irtenarazten, baina azkenean, 21:00ak aldera, Operazio Berezietarako Taldeak (GEO) atera zuen, etxera indarrez sartu ondoren.

"Operazio garbia" egin zuten, horien esanetan, eta etxean inor bahituta ez zuela egiaztatu, eta ustezko hiltzailea atxilotu zuten. Nafarroako Ospitalegunetik igaro ostean, polizia-etxera eraman zuten, epailearen aurrera deklaratzera eraman arte.

Ordu batzuk lehenago, 19:30ean, hildakoaren gorpua atera zuten eraikinetik. Inguruetan poliziaren eta suhiltzaileen autoak zeudela, atxilotuak leihotik atera zuen burua, behin baino gehiagotan, eta suhiltzaileek gailu elastiko bat jarri zuten kalean, leihotik salto eginez gero minik har ez zezan.

Gorpua garajean topatu zuten, baina igogailuan ere aurkitu zuten haren odola.

Auzitegi Medikuntzako Institutura eraman zuten autopsia egitera, eta Espainiako Poliziak bere gain hartu zuen gertatutakoa argitzeko ikerketaren ardura.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Nafarroa gaur Delituak argazkiak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Erailketak albisteak