Gizartea -

Eguraldia

Amaitu da Bizkaian eta Gipuzkoan euriteengatik ezarritako abisu horia

Kostaldean busti du batez ere. Eguerdira arte egon da indarrean abisua.

Gizon bat korrika Kontxako hondartzaren aurretik. EFEren artxiboko irudia
Gizon bat korrika Kontxako hondartzaren aurretik. EFEren artxiboko irudia
Gizon bat korrika Kontxako hondartzaren aurretik. EFEren artxiboko irudia

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Prezipitazio handiengatik Bizkaian eta Gipuzkoan ezarritako abisu horia amaitu da. Ordubetean metro karratuko 15 litro pila zitezkeela iragarri dute meteorologoek.

Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak asteazken gauetik hasita (21:00ak) ezarri zuen abisu horia eta osteguneko 12:00ak arte izan da indarrean. Gauean gogotik egin du, batez ere Bizkaian, kostaldeko ekialdean eta barnealdean. Muxikan, esaterako, metro koadroko 21 litro batu dituzte ordubetean; Almiken (Bermeo), berriz, 15,4 litro.

 

 

Euskal Meteorologia Agentziaren iragarpenaren arabera, ordubetean 15 l/m² pila zitezkeen isurialde atlantikoko hainbat tokitan, batez ere kostaldean. Zaparrada txiki-ertainak bota ditu, zenbait tokitan trumoitsuak; litekeena zen zenbait lekutan handiak izatea eta txingorra egitea, bereziki kostaldean. Ekaitz-guneetan, haize-bolada gogorrak edo oso gogorrak izan zitezkeen. Tenperatura gehiago jaitsi da, eta batez ere maximoetan nabaritu da. Hainbat tokitan ozta-ozta gaindituko da 20 ºC-ren muga. Zenbat eta hegoalderago, orduan eta lasaiagoa izan da giroa, eta hodeiak ere gutxituz joango dira arratsaldean.

Euskalmeten esanetan, ostiralean, prezipitazioak gutxituz joango dira, eta atertzera egingo du arratsalderako. Tenperaturek gorako bidea egingo dute berriz, baina minimoak freskoak izango dira. Zenbat eta hegoalderago, orduan eta hodei gutxiago izango ditugu. Iparraldeko haizea ibiliko da, indar handiegirik gabe.

Larunbatean udako giroa bueltan izango da. Tenperatura nabarmen igoko da, balio beroenak 30 ºC-ra hurbilduko dira edo muga hori gaindi dezakete, bereziki barnealdean. Giro eguzkitsua nagusituko da eta bero puntua izango dugu. Hegoaldeko haizea ibiliko da goizeko lehen orduetan, eta arratsaldean brisa altxatuko da. Arratsaldeak aurrera egin ahala bero-hodeiak garatzen joango dira eta baliteke zaparrada trumoitsuren bat uztea eguna bukatu aurretik.

Bestalde, Aemet Espainiako Meteorologia Agentziak alerta laranja ezarri zuen atzo euriagatik eta ekaitzengatik Nafarroako hainbat lekutan, baina bertan behera utzi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Alerta meteorologikoak Eguraldia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Ekaitzak