Gizartea -

Iruñea

Sanduzelaiko krimenagatik atxilotutako gizona espetxera bidali du epaileak

38 urteko gizonak epailearen aurrean deklaratu du. Atxilotuak biktima “ukabilekin, oinekin, eta litekeena da, mailu batekin ere buruan jo zuen”, epaileak azaldu duenez.

Artxiboko irudia: EiTB
Artxiboko irudia: EiTB
Artxiboko irudia: EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iruñeko Sanduzelai auzoan, igandean, gertatutako krimenagatik atxilotutako gizona bermerik gabe badaezpadako espetxera bidali du Iruñeko 2. Instrukzio-epaitegiko epaileak, homizidioa edo hilketa delitua egotzita.

38 urteko atxilotuak guardiako epailearen aurrean deklaratu du gaur. Gizona igandean atxilotu zuten, sei ordu etxean gotortuta eman ondoren. Polizia eraikineko garajera joan zen, eta gorpu bat aurkitu zuen, auzoko bizilagun batek igogailuan odol orbanak ikusi eta abisua eman ostean.

Epailearen hitzetan, atxilotua Juan Vazquez aitaginarrebaren etxera joan zen 13:00ak eta 14:00ak artean, oraindik argitzeke dauden arrazoiengatik, “ukabilekin, oinekin, eta litekeena da, ibilgailuen kristalak hausteko mailu batekin ere buruan behin baino gehiagotan jo zuen”. Guzti horren “arrazoizko zantzuak” ikusten dituela azaldu du epaileak autoan.

Horrela, “lesio larriak” eragin zizkion, “aurpegian larri zaurituz”. Lesioek garuneko odoljarioa sortu zioten, eta biktima hil egin zen.

 

"Ukabilekin, oinekin, eta litekeena da, mailu batekin ere buruan behin baino gehiagotan jo zuen"

 

Ondoren, ikertuak gorpua arrastaka eraman zuen biktimaren etxetik igogailura arte, bertatik garajera jaisteko. Gero bere ibilgailura eraman zuen, “ustez gorpuaz libratzeko asmoarekin”.

Bikotekidearen aitaren gorpua ibilgailuaren alboan utzi zuen, eta berriz etxera itzuli zen, etxebizitzan zein igogailuan utzitako odola garbitzeko asmoz.

Hala ere, bizilagunek igogailuko odol orbanak ikusi zituzten, eta Poliziari abisua eman zioten. Atxilotua bere etxean gotortu zen, bosgarren solairuan (aitaginarreba lehen solairuan bizi zen). Ateratzeko asmorik ez zuela ikusita eta bakarrik zegoela egiaztatu ondoren, Polizia etxean indarrez sartu zen ordu batzuk geroago, eta gizona atxilotu zuen.

Ustezko hiltzailea atxilotu ondoren sumario-sekretua ezarri zuen epaileak, baina altxatu egin du dagoeneko. Hurrengo egunean, gertaerak berritzeko saioan, Juan Vazquez kolpeka hil izana aitortu zuen atxilotuak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Nafarroa Delituak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Espetxeen azken ordukoa