Gizartea -

Indarkeria matxista

Gizon batek bikotekidea jo eta mehatxatu du Gasteizen

Emakumeak etxeko komunean babestu behar izan du, Udaltzaingoa iritsi arte. Agenteek atxilotu egin dute.

Agentzia | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

28 urteko gizon bat atxilotu dute Gasteizen (Araba), bikotekidea jo eta mehatxatzea egotzita. Emakumeak etxeko komunean babestu behar izan du, Udaltzaingoa iritsi arte.

Gertaerak igandean izan ziren. Udaltzaingoak jakitera eman duenez, 12:30ean emakume baten deia jaso zuten, etxean bikotekideak jo eta mehatxatu zuela jakinarazteko.

Agenteak emakumeak esandako helbidera bertaratu zirenean, gizonak ireki zien atea. Udaltzain batzuk harekin geratu ziren, eta beste batzuk, aldiz, biktima babestu zen lekura joan ziren.

Emakumeak zauriak zituen aurpegian eta besoetan. Agenteei esan zienez, elkarrekin eztabaidan ari zirenean, bikotekideak eraso eta heriotza-mehatxuak egin zizkion, eta, hori dela eta, komunean sartu zen, babes bila.

Etxebizitzan zeuden bi pertsona horien bertsioak entzun ostean, agenteek gizona atxilotu zuten, genero-indarkeria delitua egotzita.

------------------------------

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Araba Delituak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Matxismoa