Gizartea -

Sexu-gehiegikeriak eskolan

Erandioko alkateak ardurak argitzea eskatu du sexu-erasoen kasuan

Joseba Goikuriak, hala ere, eskolako irakasleen "profesionaltasuna" zalantzan ez jartzeko deia egin du. Haurrei ustez sexu-gehiegikeriak egin dizkien irakaslea dagoeneko kartzelan sartu dute.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joseba Goikouria (EAJ) Erandioko alkateak "zorrotz" jokatzeko eta ardura guztiak argitzeko eskatu du Goikolanda ikastetxeko ustezko sexu-gehiegikerien kasuan. Eskola horretako irakasle bat kartzelan sartu dute hainbat ikasleri ustez sexu-gehiegikeriak egitea leporatuta.

Prentsa-agiri batean, Goikouriak gaitzetsi egin du, "alkate eta aita gisa", Goikolandan gertatutakoa, eta elkartasuna helarazi die irakaslegoari eta ikasleen gurasoei.

Alkateak ahal duen heinean laguntzeko eskaintza egin die Hezkuntza Sailari eta kaltetuei. Erandioko eskoletako langileen "profesionaltasuna" zalantzan ez jartzea eskatu du, izan ere, Europa eta Estatu mailako hainbat sari irabazi dituztela gogorarazi du.

Atxilotutako irakasleak 46 urte ditu eta Basauriko kartzelan sartu zuten atzo Bilboko epaile baten aginduta, aipatu eskolako lau haurri sexu-gehiegikeriak egitea leporatuta.

Aresek "lasaitasun" mezua eman du

Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak "lasaitasuna" mezua bidali nahi izan die "hezkuntza sistemari eta gurasoei", Ertzaintzak "azkar" jokatu baitu.

Aresek zoriondu egin ditu ertzainak, eta beharrezkoa denean auziari buruzko informazio guztia emango dutela aurreratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea